Jendearen ikusmina piztu du Literaturiak

Ostiralean hasi eta igandean amaitu zen Literaturia jaialdia. Egitasmoaren antolatzaileak "nekatuta bezain gustura" daude asteburuak emandakoarekin.

Omenaldiak, mahai inguruak, liburu aurkezpenak, liburu azoka... Literaturzaleek hitzordu garrantzitsua izan dute asteburuan Zarautzen. Literaturia jaialdiaren barruan, hamaika ekitaldi antolatu dituzte aurten ere, eta antolatzaileak "pozik" daude jendeak emandako erantzunarekin.
Aurtengo egitarauan egin duten apustuetako bat izan da liburu azoka indartzea, eta horretarako, azokan erabiltzeko bono berezi batzuk atera dituzte.  Yoseba Peña antolatzaileak azaldu duenez, argitaletxeek aurreko urteetan baino gehiago saldu dutela nabaritu dute, oraindik zenbaki zehatzak atera gabe dauden arren.

Ekitaldiei dagokienean, guztietara jende kopuru polita hurbildu bada ere, Eider Rodriguezen mahai inguruak "espero ez zen arrakasta" izan zuela azaldu du Peñak. "Batzuetan beldurra izaten dugu egitarau literarioegia prestatuz gero jendeak ez ote duen erantzungo". Beldur horiek uxatu ziren, ordea, jendeak bazuela «hausnarketarako gogoa» ikusi zutenean. "Badirudi jendeak nahi duela larunbat eguzkitsu batean Modelo aretora sartu eta mahai inguru sakon bat entzuten egon". Hori positibotzat dauka Peñak, "hausnartzen duen herria ez da inoiz hilko", baieztatu du.

Antolakuntzaren ajeak

Guztia borobil atera bada ere, antolakuntza talde txikia direla azaldu du Peñak, eta ondorioz, "mila eginbehar" izan dituela bakoitzak. Dena den, aurtengo arrakasta ikusita, hurrengo urteko Literaturiara begira hobetzekoak gogoan ditu idazleak: "finantziazio handiagoa lortzea ondo legoke, azoka txukunago bat egiteko". Pozik dago Peña "saltsa sortu" dutelako: "bidea markatuta dago iada, ikusiko dugu nola egiten duen aurrera kontuak".