'Kantaurifest' ospatuko dute maiatzaren 31n

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 14a, 08:30

Udaleko Ingurumen Sailak plastikoaren aurkako kanpaina jarri du martxan agintaldi honetan, eta lau urteetan egindako lana "borobiltzeko", 'Kantaurifest' ospatuko dute, arropa jasangarriaren inguruko festa.

Maiatzaren 31n, malekoian, Kantaurifest jaialdia ospatuko dute, "arropa jasangarrien" alde. 11 arropa marka ezberdinetako desfileak ikusteko aukera izango da, eta "janzteko modu alternatiboak" eskaintzea izango da helburua. Haietako batzuk artilearekin egiten dituzte arropak, beste batzuek sareekin... denetik ikusteko aukera izango da.

Udaleko Ingurumen Sailak Emaus elkartearekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da Kantaurifest, eta elkarteko Begoña Cabaleirok azpimarratu du "gero eta plastikozko arropa gehiago" erabiltzen dela. Izan ere, Cabaleiroren hitzetan, "oihalen industria da munduko bigarren industria kutsatzaileena, petroliferaren atzetik". Egoerak larriturik, orain arte indarra jarri dute erabilera bakarreko plastikozko poltsen aurkako kanpainan, eta agintaldian egindako lana "borobiltzeko", "arropa jasangarriaren aldeko" festa prestatu dute.