Eskolarteko IV. Xake Festa egingo dute larunbat honetan

Erik Juez, Saioa Landa, Arrate Ugalde eta Esteban Collantesek aurkeztu zuten aurtengo Xake Festa. (Dorleta Agiriano Lai)

Orokieta Herri Eskolako frontoian izango da jaialdia, eta xake txapelketaz gain, bazkaria, tailerrak, jolasak eta magia ikuskizuna antolatu dituzte. Zortzi eta hamasei urte arteko edozein gaztek izango du txapelketan parte hartzeko aukera.

Larunbatean, maiatzak 18, egingo dute IV. Eskolarteko Xake Festa, Orokieta Herri Eskolako pilotalekuan. Zarautz Kirol Elkarteko Xake Sailekoek eta Orokietakoek antolatu dute elkarlanean, eta zortzi eta hamasei urte arteko edozein gaztek izango du txapelketan parte hartzeko aukera. Xake txapelketaz gain, bazkaria, tailerrak, jolasak, magia ikuskizuna eta zozketak izango dira.

"Beste txapelketa batzuetan lehiakortasunaren elementuak pisu handiagoa du eta zenbait haurrek ez dute joan nahi izaten, baina Zarauzko Xake Festan badira garrantzia duten bestelako elementu batzuk, egitasmoaren izenak adierazten duen bezala", azaldu du Erik Juez Xake Saileko kideak. "Parte hartzea sustatzea" da antolatzaileen asmoa. Orokietako Arrate Ugalderen arabera, "ikasleei eta ikasleak ez direnei eskaintzen diegu gozatzeko aukera, lagunak egiteko aukera eta ikasteko aukera"; izan ere, xakeak horretarako aukera ematen duela dio.

Eskolan motorrak berotzen

Ugaldek adierazi du "gorpuzten" ari dela Xake Festa: "Egia da lana badela jaialdia antolatzea, baina oso pozik gaude". Orokietan hiru aste lehenago hasi dira motorrak berotzen; gazteak xakean ibili dira jolas-orduetan zein eskola orduetan: "Adin desberdinetako ikasleak aritu dira elkarrekin, eta hala, jokatzen zekitenek erakutsi diete ez zekitenei nola egiten den". Saioa Landaren esanetan, dinamika ez da larunbatean amaituko, eta jarraipena emango diote ikasturte amaierara arte. "Kirola ez da mugimendua bakarrik; xakea ere kirola da, eta aukera paregabea da ikasleek kirola beste modu batera egin dezaten".

"Eskola gisa eta hezkuntza komunitate gisa, badugu gizarte-ardura, eta Xake Festa bezalako egitasmoekin ardura horri heltzen diogu", dio Ugaldek. Esaterako, azaldu du Orokietako kideentzat "oso garrantzitsua" dela nesken artean ere xakea sustatzea.

150 parte hartzaile baino gehiago

Xake txapelketan izena emateko epea zabalik dago oraindik, baina momentuz jaso dituzten datuen arabera, 150 parte hartzaile baino gehiago izango dira larunbatean. "Xake Festara etortzen direnek hurrengo urtean errepikatu egiten dutela ematen du", azaldu dute Orokietakoek. Gehienak zarauztarrak izaten diren aurren, aurten Irungoak, Eibarrekoak, Aretxabaletakoak, Azkoitikoak, Pasaiakoak, Donibanekoak, Barakaldokoak eta Hendaiakoak ere etorriko dira, besteak beste.

Egitaraua

  • 10:00. Izen-ematearen baieztapena
  • 10:30. Txapelketaren hasiera
  • 13:30. Txapelketako goizeko txanden amaiera eta bazkaria
  • 14:00. Haurrentzako jolasak eta magia ikuskizuna
  • 15:45. Txapelketako azken hiru txanden hasiera
  • 17:30. Sari banaketa eta amaiera