'Piztiak' narrazio bilduma argitaratu du Aritz Mutiozabalek

'Piztiak' narrazio bilduma argitaratu du Aritz Mutiozabalek
Aritz Mutiozabal.

Bostgarren liburua plazaratu du Aritz Mutiozabalek, oraingoa, Maiatz argitaletxearekin. Lehen aldiz, helduentzako narrazio bilduma ondu du idazle zarauztarrak.

Duela zazpi urte inguru hasitako proiektua da Piztiak narrazio bilduma, eta joan den hilean ikusi zuen argia, apirilaren 22an, Sarako Idazleen Batzarrean. "Su oso geldoan" landu du lana Mutiozabalek, "jarraikortasun konstanterik gabe, bidean bestelako proiektu batzuri lehentasuna emanez". Azken urteetan, ordea, berriro ere proiektuari heltzea erabaki du.

Maiatz argitaletxearekin argitaratu du liburua, hirugarren aldiz. Aurreko biak poesia liburuak izan ziren, eta narrazio liburua da Piztiak. Aurretik haur eta gaztetxoentzat idatzi izan du, baina hau da plazaratzen duen helduei zuzendutako lehen narrazio lana. Horrek erregistro aldaketa bat suposatu dio, eta agian, "gehiegizko errespetuz" aritzeagatik ez da ausartu "proiektuari lehenago heltzen".

Hala azaldu ditu egileak narrazioen nondik norakoak: "nolabaiteko desoreka batek bultzatuta, liburu honetako pertsonaiek beraien instintu primarioenak aterako dituzte. Sei piztia dira sei narraziotan galduta". Lubakia, Aura, Houdini, Itzalik gabekoak, Performance eta Rorschach dira narrazioak. "Ustez arruntak" diren pertsonaiak dira istorioetako protagonista, baina "barruko zerbaitek eraginda, beraien baitan daramaen piztia" aterako dute. Fikziozko istorioak dira oro har, baina tarteka "autofikziora" jo duela azaldu du egileak. "Irakurleak asmatu beharko du zer den irakurritakotik errealitatea".

Bittor Mutiozabalenak dira azaleko argazkia eta liburu barruan, narrazio bakoitzaren hasieran agertzen diren argazkiak. Animaliak agertzen dira guztietan, "bestiario" moduko zerbait irudikatu nahian. Azalean bi sugandila agertzen dira, eta badirudien arren Mutiozabalek Obabakoak-i keinu bat egin nahi izan diola, bere hasierako asmoa ez zela hori azaldu du. "Subkontzienteak omenalditxo bat egin behar niola erabaki badu, bada aurrera!"