Bigarren urtez, hiru danborrada izango dira Sanpelaioetan

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 16a, 15:24

Aurreko urtean Gazteen Danborrada izena jarri zioten, baina horrek "nahasmena" eragin zuela eta, Zarauzko Danborrada deitu diote aurtengoan. Ekainaren 26an izango da, goizez.

Zarauzko Udalak eta Zarauzko Elkarte Gastronomikoek elkarlanean Gazteen Danborrada jarri zuten martxan 2018ko Sanpelaioetan. Aurtengoan, ordea, izena aldatu diote proposamenari "herritar guztiak parte hartzera gonbidatzeko asmoz", azaldu du Ixidor Larrañaga Jai eta Ekitaldi zinegotziak. "Dakigun bezala, San Pelaio festetan danborrada protagonista handia da. Ekainaren 25ean izaten diren bi danborraden artean, adin tarte bat danborradan parte hartzeko aukerarik gabe gabe geratzen dela ikusi zuten Elkarte Gastronomikoetako kideek eta proposamen beri bat luzatu ziguten: Gazteen Danborrada".

Danborrada berrian 12 urtetik gorako edonork izango du parte hartzeko aukera, baina izenarekin "herritarrak pixka bat nahasi" zirela uste du zinegotziak, beraz, aurten, Zarauzko Danborrada izena jartzea erabaki dute.

Ekainaren 26an, San Pelaio egunean, 11:30ean aterako da Danborrada, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da. Parte hartzaileak baserritarrez jantzita joango dira, iaz bezala. Entseguak Helduen Danborradako elkarteekin batera izango dira, ekainaren 6, 11, 13, 18 eta 20an. Aurten, Araba kaleko Lizardi institutuko pistako obrak direla eta, entseguak tokiz aldatuko dira eta Gurmendi kaleko Lizardi Institutuko patioan ospatuko dira, 21:00etatik 22:00etara.

Zarauzko Danborradan parte hartzeko interesa dutenek, jaiak@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidal dezakete edo 943-00 51 19 telefono zenbakira deitu.