Udal eta Foru Hauteskundeak

Alfonso Santibañez (PP): "150 etxebizitzatako udal parkea osatu nahi dugu, gazteek 400 euroan alokatzeko"

Onintza Lete Arrieta 2019ko mai. 20a, 11:55
Zarautz eta Donostia arteko AP-8 autobidea doakoa izatea proposatzen du Santibañezek (Onintza Lete Arrieta)

Bederatzi urte daramatza Zarautzen bizitzen Alfonso Santibañezek (Santander, Espainia,1985). Lanagatik etorri zen, eta gaur egun herrian integratuta dagoela azaldu du. Hemezortzi urterekin afiliatu zen Alderdi Popularrean, eta aurreneko aldiz aurkeztu da Zarauzko alkatetzarako PPren zerrendaburu.

Zuen helburua da berriz ere ordezkaritza izatea Zarauzko Udalean.
2011n botoen %8a eskuratu genuen Zarautzen, eta 2015ean jaitsiera etorri zen: 420 botorekin gelditu ginen, %3,7arekin. Urte askoren ondoren, udaletik kanpo gelditu ginen: ia aurreneko aldiz demokrazian gaudenetik. Hori aldatu nahi dugu, behar adinako indarrarekin sartzeko udalean eta egiten ari ginen lanarekin jarraitzeko.

Behar adinako indarrarekin sartzeak zer esan nahi du?
Erabakigarriak izateko beharrezko indarrarekin sartzea. Erabakigarriak, aurrera eramaten diren politiketan, eta baita gobernu taldeen eraketan eta udaletxean lan egiteko moduetan ere.

Erabakigarriak, zertan?
Batetik, garatuko diren politikei dagokienez izan nahi dugu erabakigarriak. Eta, horretarako, noski, berebizikoa da gobernuaren osaketan ere erabakigarriak izatea, hor negoziatzen direlako norberaren programaren puntuak. Horiek betetzea da gure helburua.

Zuen esku egon, eta emaitzek ahalbidetuko balute, EAJrekin gobernua osatzea gustatuko litzaizueke?
Alderdi popularraren jarrera oso jakinekoa da, eta gure botoemaileek badakite. Emaitzak jakin ondoren aztertu beharko da, baina gure esku badago, Bildu ez da instituzioetan sartuko, hori oso argi dugu. Bestalde, oraindik gogoan dugu PPk eta EAJk akordioa hautsi zutenekoa Espainiako Gobernuan. Guretzat traizioa izan da hori. Hortaz, gure asmoa da kanpotik baldintzatzea udalaren egunerokoa.

Espainiako Gorteetako hauteskundeak denboran oso gertu gelditzen dira igande honetako hauteskundeetatik. Uste duzu hango emaitzek eragingo diotela Zarauzko udal hauteskunde hauei?
Hauteskunde desberdinak dira, eta denboraz gertu egon arren, jendearen mentalitatean desberdina da. Udalekoetan askoz gehiago baloratzen da pertsona eta gertutasuna. Gainera, ikusita Gorteetarako hauteskundeen emaitzak, ikusita Voxek eta Ciudadanosek lortutako botoak, eta herrikoetara ez direla aurkezten, uste dugu tarte handia dugula ordezkaria lortzeko. 

Zuretzat zer lehentasun ditu Zarautzek?
Hauteskunde programaren barruan neurri asko jaso ditugu, baina uste dugu lehentasunetako bat zergak jaistea dela. Udal tasa eta zergak izoztea proposatzen dugu, eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) jaistea. Aurrena, OHGZ jaitsi behar da, badagoelako horretarako aukera, eta gero, kendu egin behar da bigarren etxebizitzagatik ordaintzen den errekargua.

Hauteskunde programatik zer nabarmenduko zenuke?
Batetik, herritarren segurtasuna indartuko nuke, udaltzain gehiagorentzat lanpostuak sortuta. Bestetik, udaletxean gardentasuna bultzatuko nuke. Horrez gain, Donostia eta Zarautz arteko autobide zatia doan jartzea proposatzen dut, turismoa, merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko. Zarautzen proposatzeaz gain, Gipuzkoako Alderdi Popularrak ere bere gain hartzen du eskaria, eta hori proposatuko du aldundiko Batzar Nagusietan ere.

Turismoarekin lotuta, zuen beste proposamenetako bat da hotelen gaitasuna handitzea. Hortaz, zuen ustez Zarautzek hotel gehiago behar ditu?
Gaur egun Zarautzen dagoen egonaldi eskaintza ez da nahikoa gure ustez. Zarautzek, helmuga turistiko handi bat izateko, hotel handi bat behar du. Hemen dauden hotel establezimenduak txikiak dira, eta uste dugu badagoela espazioa herrian ohe gehiago eskaintzeko.

Baduzue buruan toki zehatzen bat?
Iniziatiba pribatua izan behar du horrek, noski, baina udaletik erraztasunak eman behar ditugu. Orain, adibidez, eztabaida handia dago Santa Klara komentuaren erabileraren inguruan. Guk uste dugu toki aproposa dela turismorako azpiegitura bezala. Hotel handi batentzat aukera bideragarria izan daiteke. Gainera, lehenago askotan egin izan da antzeko ezaugarrietako eraikinekin. Tokia bikaina da horretarako.

Etxebizitza arloan, bi neurri proposatzen dituzue.
Bai, hemen etxebizitza oso garesti dago, eta arazoa da gazteak emantzipatzeko. Asko, gainera, herritik joaten dira. Horregatik, neurri bat da babestutako etxeak eraikitzea, eta bestea, 150 etxebizitzatako udal parkea osatzea, gazteenen alokairurako. 35 urtetik beherakoek 400 euroan alokatu ahal izateko.

Doako aparkalekuak eskaini nahi dituzue erdigunetik kanpora.
Bai, guretzat garrantzitsua da. Herriaren kanpoaldean jarriko genituzke, eta hala, jendea ez litzateke erdiguneraino etorriko autoz. Sanpelaiora iritsi aurretik dagoen aparkalekua ez dago egoera onean, baina toki aproposa da, jendea erraz iritsi daitekeelako oinez hondartzara. Gure helburua da gaur egungo TAO sistema kentzea herri osotik: batetik, TAO irailaren 1era arte bakarrik jarriko genuke; eta bestetik, auzoetatik kendu egingo genuke pixkanaka. Esaterako, Vista Alegre eta Salberdinetik. Erdigunean, berriz, mantenduko genuke. Adibidez, Indamendi kalea hutsik egoten da uda osoan. Ez dauka zentzurik hor TAO jartzeak. Udalak ez du oztoporik jarri behar; alderantziz, erraztasunak eman behar ditu. Izan ere, zenbat eta turista gehiago etorri, egun-pasa datozenak barne, hobe. Horrek turismoa, ostalaritza eta merkataritza sustatzen dituelako. Eta hori da nahi duguna: denak Zarautzera etortzea, eta hori erraza eta sinplea izatea. Eta, aldi berean, bertakook lasai bizitzea eta ez izatea hau jende-olde bat.

Aparkaleku horiek udan egoten dira martxan. Zuek urte osoan nahi dituzue?
Aurreneko gauza da gaur egun erabiltzen diren aparkalekuak txukuntzea eta egokitzea, horrela ibilgailu gehiago sartzen direlako. Behin hori eginda, urte osorako izatea da gure asmoa, urte osorako azpiegitura bat delako.

Hondakinen gaiak ere arduratzen zaituzte.
Bai. PPrentzat, udal politikei dagokienez, garrantzitsuena da herritarren arazoak konpontzea. Eta horren ondoren, bizitza erraztea jendeari. Horregatik, ez diogu zentzurik aurkitzen errefusarentzat txartela jartzeari, ez baita beharrezkoa. Eta erraza da konplikatzea: txartela galdu zaizulako, edo udan oporretara zatozelako eta ez daukazulako… Azkenean, zabor asko gelditzen da kalean, ontziratu gabe.

Eta organikoari dagokionez?
Txartela behar izatea ondo ikusten dugu, ezaugarri berezi batzuk dituelako. Baina errefusarenak ez dauka zentzurik.

Kiroldegiaren eskaintza handitu eta hura material gehiagorekin hornitzea da zuen beste proposamenetako bat.
Bai. Batetik, haur txikientzat igeriketa ikastaro gehiago egotea nahi dugu, ordutegia zabalduta, hori delako eskaera gehien duen zerbitzuetako bat. Asko gelditzen dira kanpoan gaur egun. Bestetik, fitness gela handitu nahi dugu, txiki samar gelditu baita.

Gardentasuna ere inportantea da zuentzat.
Bai, gure ustez udalaren webgunean zinegotzi bakoitzaren curriculuma jarri behar da, herritar guztiek ikusteko zein den gure ibilbide profesionala. Guk, politika alde batera utzita, konponduta daukagu gure bizitza. Politikara gatoz ilusio handiarekin eta gauzak aldatzeko gogoz, baina ez soldata batengatik edo liberazioak bilatzen. Horregatik, udalaren webgunean azaldu beharko litzateke udaletik zenbat diru jasotzen duen zinegotzi bakoitzak urtean. Uste dugu informazio horrek gardena behar duela izan eta herritarrentzako eskuragarri egon behar duela. 

"Terrorismoa goratzearekin lotutako margoketak ezabatzeko plan bat” ere aurkeztu duzue.
Bai, uste dugu plan bat behar dela, margoketa horiek 24 ordutan gure kaleetatik ezabatuta egon daitezen, ez delako positiboa gizartearengan eragiten duena.

Azken urteetan era horretako margoketak atzeman dituzue herrian?
Oraindik badaude. Ez lehen bezainbeste, eta batzuetan kentzen dira, baina oraindik badaude. Bakar bat egotea ere gehiegi da.

Banderen Legea aplikatzea ere badator zuen programan.
Bai. Normaltasun osoz ezarri behar da Banderen Legea udaletxean, merezi duten duintasun guztiarekin ager daitezen hiru bandera konstituzionalak. Gaur egun oso txiki daude, eta azken batean, bandera bat ezkutatzeagatik, ezkutatzen ari gara udalarena eta erkidegoarena ere. Ez dauka zentzurik.