2014an aurkeztu zuten Irabazi Zarautz ekimena. 2015eko maiatzeko udal hauteskundeei begira sortu zuten, "herriko ezker alternatibo, ekologiko eta feministaren indarrak batzeko garaia" zela iritzita. Hiru indar politikok osatu zuten Irabazi Zarautz; hain zuzen, Ezker Anitza-IUk, Equok eta Podemos-Ahal Duguk.
"Demokrazia, gardentasuna, parte hartzea, feminismoa eta aniztasuna" oinarri hartuta, hauteskunde-programa "modu parte hartzailean eta adostasunean" prestatzeko lanetan murgildu ziren; eta Zarauzko udal hauteskundeetarako osatutako zerrenda bateratuan, Ana De Benito independentea izan zen koalizioak aurkeztutako alkategaia. Hala, 2015eko hauteskundeetan, bi ordezkari lortu zituzten Zarauzko Udalean: De Benito eta Podemos-Ahal Duguko Oihane Delgado.
Aurtengo udal hauteskundeetara ere aurkeztu da Irabazi Zarautz, eta oraingoan ere, De Benito da zerrendaburua. Dena den, koaliziotik kanpo geratu da Ezker Anitza-IU; beraz, hainbat agintalditan udal ordezkaritza izan ondoren, "hautabide bat izateari utziko dio alderdiak".
"Akordio baztertzailea da Ahal Dugu eta Equoren artekoa"
Ezker Anitza-IU alderdiak HITZAri azaldu dionez, egun Irabazi Zarautzek "ez du indar politiko bakoitzaren subiranotasuna errespetatzen", eta beraz, salatu du "akordio baztertzailea" dela Podemos-Ahal Dugu eta Equo taldeen artekoa. Irabazi Zarautz osatzen zuten hiru taldeek ez dute adostasunik lortu udal hauteskundeetarako zerrenda osatzean. Zarauzko Ezker Anitza-IUren biltzarrak "modu subiranoan" hautatutako pertsona bati "betoa" ezarri diote, Podemos-Ahal Dugu eta Equoren arteko akordioaren bidez. Gainera, Irabazi Zarautzek osatutako zerrendan, "ordezkaritza lortzeko postuetatik kanpo" utzi dute Ezker Anitza-IU: "Ana De Benito eta Ohiane Delgadori eman dizkiete postu horiek".
Hala, datozen udal hauteskundeei begira, Zarauzko Ezker Anitza-IUk erabaki du koalizioan parte ez hartzea, "ez zerrendan, ezta hauteskunde-kanpainan ere". Beraz, alderdiak adierazi du ez duela loturarik izango Irabazi Zarautzek udalean lortu ditzakeen ordezkarien "ekintzekin edota ordezkari horiek hartuko dituzten erabakiekin".
Bestalde, Ezker Anitza-IUko kideek "beste esparru batzuetatik" lanean jarraituko dutela azaldu dute, Zarautzen "zerbitzu publikoak" berme bat izan daitezen "herritar guztiek bizitza duin bat izateko". "Hori lortzeko, beste talde batzuekin etorkizunean "elkarlana" egitea posible izatea espero dugu", gehitu dute.