Ekainaren 3an zabalduko dute IAT zentro berria Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 21a, 10:35
Ibilgailuen irteera eremua prestatzen ari dira gaur langileak (Onintza Lete Arrieta)

Itasua enpresak jakinarazi du berria, baita non kokatuko den eta zer ordutegi izango duen ere. Hiru lerro izango ditu, autoentzako eta ibilgailu arinentzako (3.500 kilo baino gutxiagokoentzat).

Araba kalean, 43. zenbakian jarriko dute IAT zentro berria. Hau da, Eroski Hipermerkatutik oso gertu, atzeko aldean, orain arte Katealegaia lantegia egon den eraikinean. Hiru lerrokoa izango da, eta autoentzat eta ibilgailu arinentzat izango da, 3.500 kilo arteko ibilgailuentzat.

Langileak lanean ari dira gaur, eremua prestatzen ekainaren 3rako. Kanpoaldean, esaterako, ura barrura ez sartzeko lanetan ari dira, ibilgailuentzako irteera jarriko duten parean. Tokia behin-behinekoa dela gogorarazi dio langile batek HITZAri, urtebete ingururako, eta ez dakitela behin betirako zerbitzua non jarriko den.

Ordutegi zabala izango du, 08:00etatik 19:30era egongo baita zabalik, astelehenetik larunbatera.

Hitzordua eskatzeko bideak zein diren ere jakinarazi dute: erabiltzaileek ekainaren 3tik aurrera hartu ahalko dute hitzordua telefono bidez (943-10 42 50) edo Itasua enpresaren webgunean.

Maiatzaren hasieran jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak zerbitzua arintzeko asmoz zentro berriak zabalduko zituela Gipuzkoan eta Bizkaian.