Zabalik dago udako kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 22a, 10:30

Astelehenean ireki zuten udako kiroldegiko ikastaro guztietan izena emateko epea, haurren igeriketan izan ezik. Azken hori ekainaren 4an irekiko da.

Aurten ere hainbat ikastaro prestatu dituzte Kirol Sailetik heldu, gazte zein haurrentzat eta hamabostaldika antolatuta egongo dira: uztaileko lehen hamabostaldia, bigarren hamabostaldia eta abuztuko lehen hamabostaldia. Ondorengoak dira antolatutako ikastaroak:

  • Helduentzat (16 urtetik gora): Pilates, spinning, total training, zunba, akuafitness eta Getaria-Zarautz trabesia prestatzeko entrenamenduak (azken horrek 3 asteko iraupena izango du, trabesia ospatzen den astera arte).
  • Gazteentzat (12-16 urte): Gaztefit, lehorreko eta uretako jarduerak nahastuko dituen astean hiru egunetako ikastaro anitza (total training, spining, zunba, jump, pilates, kalesport, waterpolo, akuafitness, igeriketa...)
  • Haurrentzat Kirol Txokoak (2014-2007 urteetan jaioak). 09:30etik 13:00etara (aukeran doan 09:00-09:30 zaintza zerbitzua), dantzak, jolasak, trebezia zirkuituak, erraketa jolasak, igerilekuko jolasak... Begiraleak kirol teknikari eta magisteritzako profesionalak izango dira.
  • Haurrentzat igeriketa intentsiboa: hamar eguneko ikastaro intentsiboak (Dordoka 1. maila, Karramarro 2. maila, Olagarro 3. maila, Igela 4.maila eta Marrazo 5. maila) eskainiko dira, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Ikastaro honetan izen emateko epea ekainaren 4an irekiko da.