Balea Igeriketa Klubak ate irekien jardunaldiak egingo ditu ekainean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 22a, 17:01

Zarautz Balea Igeriketa Klubak ate irekien jardunaldiak antolatu ditu ekaineko bigarren asterako. Jolasen eta bestelako ekintzen bidez emango dute taldearen eta taldearen jardunaren berri.

Zarautz Balea Igeriketa Klubeko kideek azaldu dutenez, igeriketa sustatu nahi dute gazteen artean. Hala, bi fronte landuko dituzte 2019-2020 denboraldian; eskola kirola, 8-12 urte bitarteko gazteekin, eta igeriketa federatua, 13 urtetik aurrerako gazteekin.

Taldearen eta taldearen jardunaren berri emateko, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte ekaineko bigarren asterako. Hain zuzen, ekainaren 10etik 14ra bitartean izango dira, 16:50etik 19:00etara. Jolasen eta bestelako ekintzen bidez emango dute ezagutzera beren jarduna, Aritzbatalde kiroldegian.