Urola Kostako ekimenak aurkeztuko dituzten Irunen, Networking programaren barruan

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 24a, 20:00

Maiatzaren 30ean izango da truke egitasmoaren bigarren saioa, Irun Factory gunean.

Eskualdeko zazpi ekimen "arrakastatsu" aurkeztuko dituzte hurrengo astean Irunen egingo duten sortzaileen arteko topaketan. Saioa, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak elkarlanean garatutako Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta ekimenaren barruan antolatu dute.

"Bi eskualdeen arteko zubiak eraikitzeko asmotan" antolatu dira sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, "sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatu eta lehiakortasuna hobetzen lagungarri" izateko.

Zarautzen Bidasoako gonbidatuekin apirilean egindako saioaren ondoren, bigarren topaketa jardunaldia izango da Irungoa. Hain zuzen ere, hurrengo ostegunean (maiatzak 30) egingo dute. Arratsaldeko 17:30ean hasita, bi ordu inguruko jardunaldia egingo dute Irun Factory gunean.

Dagoeneko zehaztu dituzte Urola Kosta eskualdeko zein zazpi esperientzia aurkeztuko dituzten Irunen: Martin eta Xabier Etxeberria idazleek, Angel Illarramendi konpositoreak, Eneko Balerdi dantzariak, Juan Mari Tolin argazkilariak, PAO PAO komunikazio eta arte grafikoko elkarteak, Maialen Sarasua zinegileak eta Las Cosas de Valen osagarri artisauen enpresak.

Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, Bidasoako artista eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute.

Udal Elkartetik eskualdeko artista eta sortzaile guztiei nahi diete luzagu gonbita ekimenean parte hartzeko eta saioetan izena emateko. Izan ere, aurkezpen horiez gain, eskualdeko sektoreko eragile guztiei zabaldu nahi diete esperientzien elkartrukean parte hartzeko aukera. Gutxieneko bat osatuz gero, Irungo saiora joateko autobusa antolatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Informazio gehiago eskuratzeko, 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke edo enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi.