Txapeldun izan dira areto futboleko Zarauzko mutilak

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 25a, 15:52

Aritzbatalde kiroldegian ari dira jokatzen Gipuzkoako areto futboleko finalak, eta senior gizonezkoen hirugarren mailan, garaipena eskuratu dute Zarauzko mutilek.

IDK Pari Berri taldearen aurka neurtu ditu indarrak hirugarren mailako finalean areto futboleko Zarauzko senior mutilen taldeak. 3-2ko markagailuarekin izan dira garaile zarauztarrak, eta partidaren amaieran, ez dira falta izan besarkadak, txaloak eta irribarreak.

Zarauzko taldea 2-0 irabazten joan bada ere, markagailua berdintzea lortu dute IDK Pari Berriko mutilek eta tentsio uneak izan dira. Hirugarren gola sartu ostean, defentsan lan ona egin dute zarauztarrek, eta IDK Pari Berrikoek ezin izan dute gol gehiago sartu, azken minutuetan atezainarekin aldaketa eginda jokalari bat gehiagorekin ibili badira ere.