Udal eta Foru Hauteskundeak

Zabaldu dituzte hauteslekuak

Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Europako Parlamentua osatzeko bozkatzera deituta daude gaur zarauztarrak ere. Hauteskunde-mahaiak arazorik gabe osatu dituzte eta herritarrak hasiak dira jada botoak ematen.

Hauteskunde-mahaietarako deituta zeudenak 08:00etarako hauteslekuetako ateetan zain egon dira mahaiak osatzeko. Informazio guztia jasota, goizeko 09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuetako ateak, eta herritarrak pixkanaka joan dira beraien botoak ematen. 

Mahai gainean hiru hautetsontzi dituzte: urdina Europako parlamenturako, zuria udalerako eta izokin kolorekoa Batzar Orokorretarako. Iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte hautetsontziak, eta botoak kontatzeko unea helduko da. Europako parlamenturako botoak kontatuko dituzte lehenbizi, udalerakoak jarraian eta Batzar Orokorretarakoak azkenak. Zenbaketa gaua luze joango dela aurreikusten dute denek.