Miren Aranguren: "Ikerketak aukera handia eskaintzen digu eraldatu nahi dugun hori ezagutzeko"

Miren Aranguren, artxiboko irudi batean

Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza izeneko tailerra emango dute Ikergazte kongresuaren barruan, eta tailer horren arduraduna da Miren Aranguren Zarauzko bizilaguna. Elkarrizketatu egin dute, eta hemen zati bat. 

Miren Aranguren Emagin Formazio eta Ikerketa Feminista Elkarteko kidea da eta ikerketa proiektuen arduraduna.

Ikerkuntza herrigintzaren mesedetan, hori da gakoa. Hala ere, egoera bestelakoa da…
Bai. Esango nuke gaur egun ikerketa nagusiki “akademiatik” bideratzen dela edo hori behintzat hartzen dugula ikerketatzat. Eta zerbait enpiriko eta zientifikotzat. Aldiz, askotan nire ustez zertarako ikertu galdera hori ez dugu ondo erantzuten, ez diogu gure buruari galdetzen. Guk behintzat, Emagin elkartean, ikerketa eraldaketarekin lotzen dugu; eraldaketa sozial eta politikoarekin; eta hortaz, ikerketa herrigintzaren mesedetan jarri behar dela deritzogu. Nire ustez egiten ari garen bide bat da. Badaude posizio hibrido batzuk, badago ikerketa militantea, bagaude elkarte asko gero eta arreta gehiago eskaintzen ari garenak ikerketari; herrigintzan ere autoritatea hori izateari. Uste dut pixkanaka-pixkanaka bide bat egiten ari garela, eta horren adibide dira ere Ikergazte topaketa hauek.

Zein da ikerketaren garrantzia eraldaketa sozialari begira?
Nik uste dut ikerketak aukera handia eskaintzen digu errealitatea begiratzeko, ezagutzeko, eta hortaz eraldatu nahi dugun horren gakoak ezagutzeko. Horrez gain, errealitatearen argazki bat egiteaz gain, uste dut moduei ere erreparatzeko aukera eskaintzen digula, prozesu horiek nola egiten ditugun ere ikusteko. Askotan ez dakigu ikerketa bat noiz hasten den eta noiz bukatzen den. Noiz iristen den hartzaile horiengana; gizartera edo eragile politiko eta sozialetara. Uste dut zer pentsatua asko daukagula oraindik ikerketaren alor horretan, baina zalantzarik gabe beharrezkoa zaigu hobetzen jarraitzeko eta errealitatera egokitzen jarraitzeko.

Irakurri elkarrizketa osoa.