12 domina eskuratu dituzte Gipuzkoako Txapelketan ZKE Irristaketako kideek

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 28a, 16:51

Gipuzkoako Irristaketa Zirkuituko Txapelketan parte hartu zuten ZKEko Irristaketako kirolariek igandean, Andoaingo Allurralde kiroldegiaren kanpoaldeko 400 metroko zirkuituan. Txapelketan, guztira, 12 domina eskuratu zituzten Zarauzko irristariek.

Jubenil mailan, Iñaki Azkue Portularrumek zilarrezko bi domina eskuratu zituen; 400 metroko sprint proban bat eta 5.000 metroko iraupen proban bestea. Irkus Fernandez Huegunek ere bi zilarrezko domina eskuratu zituen proba berdinetan, senior mailan.

Emakumezkoen master 30 mailan ere bi zilarrezko domina eskuratu zituen Elene Eizagaetxeberriak bi proba horietan, eta emakumezkoen master 50 mailan, Ane Miren Portularrumek zilarrezko domina lortu zuen iraupen proban, eta urrezkoa sprint-ean. Kategoria berean, zilarrezko domina eskuratu zuen Natatxa Harok sprint-ean, eta iraupen proban, berriz, urrezkoa. Azkenik, bi urrezko domina eraman zituen etxera bi proba horietan Karmele Ezenarrok, emakumezkoen master 60 mailan.