Cristina Rueda: "Estereotipoak lantzen ez baditugu, erasotzaile izatera hel gaitezke"

Aldarteko kide den Cristina Rueda zarauztarra elkarrizketatu du Maite Asensio Berriako kazetariak, LGTBI kolektiboko kideen aurkako gorroto delituei buruzko dokumental bat dela eta. Hainbat herrialdetako testigantzak bildu dituzte, eta bortizkeriari aurre egiteko estrategiak jorratu.

Sexualitatearekin eta genero identitatearekin lotutako erasoei buruzko dokumental bat aurkeztu berri du Aldarte elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz: OSGI gorroto delituei begirada orokorra izenburupean, LGTBI kolektiboko hainbat kideren bizipenak jaso dituzte Euskal Herrian, Espainian, Mexikon, Hondurasen, Guatemalan eta Nikaraguan."Haien errealitatea ikusarazi nahi genuen, ez baitago gaiaren inguruko ikus-entzunezko material askorik", azaldu du Aldarteko kide Cristina Ruedak (Zarautz, Gipuzkoa, 1990). Sarean jarri baino lehen, emanaldi batzuk izango dituzte datozen asteetan; besteak beste, Arrasaten, Zarautzen eta Orion.

Zer helburu dute LGTBIen aurkako gorroto delituek?

Gorroto delituen giltzarria gorrotoa bera da; intolerantzia adierazteko modu bat dira: "Hemen ez zaudete onartuta". Alboratutako taldeei egiten zaien jazarpenaren isla dira delitu horiek, LGTBei ez ezik ijitoei eta beste kulturetakoei ere egiten zaien horren isla; nolabait, berdintasun printzipioa hausten dute. Txikitatik, estereotipo eta aurreiritziekin hezten gaituzte, haiek barneratzeraino, eta haien arabera jokatzen dugu arauetatik ateratzen direnekin. Agian, hemen egun ez daude hain agerian LGTB kolektiboari lotutako estereotipoak, baina prostituzioarekin eta droga menpekotasunarekin lotu izan dira duela gutxi arte, eta kutsu hori badago gure jendartean. Hemen pairatzen dugun indarkeria sotilagoa da, baina Latinoamerikako testigantzek erakusten dute nola gertatzen den bortizkeria hori: gorroto diskurtsoak eskuin muturreko taldeen eta elizen bidez zabaltzen dira, eraso fisikoak jasaten dituzte... Estereotipo horiek lantzen ez baditugu, erasotzaile izatera hel gaitezke, are gehiago inguruak hori bermatzen badu: adibidez, legeak gure kontrakoak badira, epaitegiek ez badituzte gure salaketak aintzat hartzen, edo eskuin muturreko diskurtsoak hedatzen badira.

Eskuin muturraren goraldia kezkagarria da LGTBI komunitatearentzat? Kontuan hartuta azken urteetan aurrerapausoak izan direla onarpenean...

Onarpenaren kontzeptua bera gakoa da: gu ez gaitu inork onartu behar; gu gizakiak gara, eta giza eskubide berberak ditugu. Edonola ere, ez da hainbeste denbora pasatu aurrerapauso horiek eman direnetik, eta tartean izan dira kontrako adierazpenak ere. Eskuin muturra urte batzuetan isilik egon da, ez baitzegoen ondo ikusia jendaurrean jarrera batzuk agertzea, baina horrek ez du esan nahi desagertuta zegoenik. Hor zegoen, eta orain berriro piztu da; memoriarik ez dugun bitartean, berriz gertatuko dira halakoak.

Irakurri elkarrizketa osorik, berria.eus atarian.