Mugikorren bidez sare sozialetarako argazki profesionalak ateratzeko ikastaroa izango da

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 28a, 20:00

Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako ikastaroa ekintzaileei eta enpresa txikiei zuzenduta egongo da.

Prestakuntza berri bat eskainiko du Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzaile edo enpresa txikientzat, Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema egitasmoaren barruan. Hain zuzen ere, mugikorra erabilita, sare sozialetarako argazkiak ahalik eta modurik profesionalenean ateratzeko gakoak eskaintzea izango da ikastaroaren helburua; gehien bat, sare sozialeti etekin handiagoa ateratzeko, produktu edo zerbitzuen marketin eta komunikazio erreminta gisa ulertuta.

Hona hemen prestakuntza saioetarako osatutako gaitegia:

  • Argazkia: argia, konposizioa eta teknika. Ariketa praktikoak.
  • Argazki edizioa: kontrastea, saturazioa eta beste kontzeptu tekniko batzuk
  • Interneterako argazki formatu egokiak

Guztira, zortzi orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Lau orduko bi saiotan antolatu dute ikastaroa; ekainaren 5ean eta 6an, 09:30etik 13:30era. Bi saioak osagarriak direnez, ezin izango da saio bakarrean izena eman.

Plaza kopurua mugatua denez, ikastaroan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Ekinaren 3a izango da izena emateko azken eguna.  Horretarako, 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke edo jpino@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzi.