Aner Peritzek abestuko du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean

Iaz ere finalerako sailkatzea lortu zuen Aner Peritzek.

Ekainaren 8an izango da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Saran. Gipuzkoan Aner Peritz zarauztarrak eta Aitor Tatiegi oñatiarrak lortu dute finalerako sailkatzea. Guztira, 13 bertsolari ariko dira kantuan.

Ekainaren 8an, larunbata, izango da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Saran (Lapurdi). 11:00etan hasita, 15-18 urte bitarteko 13 bertsolari ariko dira kantuan. Bi zati izango ditu txapelketaren azken txanpako lehiak: lehenengoan, bertsolari guztiek hartuko dute parte; bigarrengoan, aldiz, lehen sei sailkatuek soilik abestuko dute.

Gipuzkoan Aner Peritz zarauztarrak eta Aitor Tatiegi oñatiarrak eskuratu dute finalerako txartela. Hain zuzen, ondorengoak dira finalerako sailkatzea lortu 13 duten gazteak:

  • Gipuzkoan, Aner Peritz (Zarautz, 2002) eta Aitor Tatiegi (Oñati, 2001)
  • Araban, Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte (Aramaio, 2002)
  • Bizkaian, Maite Sarasola (Deustu, 2001) eta Bittor Altube (Abadiño, 2001)
  • Nafarroan, Xabat Illarregi (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain (Bera, 2002)
  • Lapurdin, Naia Etxeberri (Baiona, 2002) eta Irati Alkantarilla (Urruña, 2001)
  • Zuberoan, Leire Casamajou (Sohüta, 2002)
  • Nafarroa Beherean, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002)

Julene Etxeberrik egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Joana Itzaina arduratuko da saioa aurkezteaz. Epaimahaia, aldiz, sei pertsonak osatuko dute: Aitor Jimenezek (Araba), Mirari Azulak (Bizkaia), Amaia Otxotorenak (Gipuzkoa), Eneko Bidegainek (Lapurdi), Joakin Arregik (Lapurdi) eta Julen Zelaietak (Nafarroa).

Bazkarirako txartelak eskuragarri

Finalaren ostean, bazkaria egingo dute Sarako Lur Berrin. Bazkarirako txartelak eros daitezke dagoeneko, 15 euroan, www.bertsosarrerak.eus atarian. Igande honetan, ekainak 2, amaituko da txartelak erosteko epea. Bestalde, Sarara joateko autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan; toki zehatzen berri izateko, lurraldeko bakoitzeko Bertsozale Elkartearekin harremanetan jartzeko dei egin dute antolatzaileek.