Udaveggie Fest jaialdia izango da Putzuzulon larunbatean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 30a, 11:17

Egun osoko egitaraua antolatu du Bizi Jare talde antiespezistak. Bazkari begetala, hitzaldia, 'Gurean' dokumentalaren emanaldia eta kontzertuak izango dira.

Larunbat honetan, ekainak 1, Udaveggie Fest jaialdia izango da Putzuzulo Gaztetxean. Egun osoko egitaraua antolatu du Zarauzko Bizi Jare talde antiespezistak. 14:30ean hasiko da jaialdia: "bazkari %100 begetala" egingo dute.

17:00etan Santutegiak eta intersekzionalitatea hitzaldia eskainiko dute Santuario Paraiso Interespecie guneko kideek. Trebiñun dago kokatuta gune "libertario" hori, eta proiektua osatzen duten kideen hitzetan, bertan "guztiok errespetatzen gaituzte; genero, etnia, orientazio edo espezie identitatea gorabehera".

18:30ean, aldiz, Gurean dokumentala emango dute Putzuzulon. Askekintza taldeak iaz aurkeztu zuen ikus-entzunezko lana da, eta Euskal Herriko hamaika txokotako festetan animaliek jasaten dituzten tratu txarrak ditu hizpide. Besteak beste, sokamuturra, ehiza eta arrantza txapelketak edota Lekeitioko antzara jokoa jaso dituzte dokumentalean.

Gauean, kontzertuak

Gauean ere jarraipena izango du jaialdiak; izan ere, kontzertuak izango dira 20:00etatik aurrera. Guztira, hiru talde igoko dira Putzuzuloko oholtza gainera: El Quinto Con Tenedor, Blue Beans eta Moon Wave.