Udako solstizioa iritsi baino lehenago hasten da uda denboraldia eskualdeko zenbait herritan, eta horrek, noski, herritarrei zein bisitariei eragingo die. Udako TAO sistema martxan jarriko dute larunbatean Orion eta Zarautzen, eta Zumaian eta Getarian ekainaren 15ean hasiko da.
Zarautzen eta Getarian ez da aldaketarik izango TAO zerbitzuaren guneei, prezioei eta marren koloreei dagokienez, baina Zumaian eta Orion izango dira hainbat berrikuntza. Herrian erroldatuta egon ez arren, bertan lan egiten dutenei eragingo dieten neurriak hartu zituen Zumaiako Udalak martxoko ohiko osoko bilkuran. Pertsona horiek udan hirigunean aparkatzeko egoiliarren txartela eskuratzeko aukera zuten orain arte. Aurten, ordea, egonaldi ertaineko guneetan aparkatu beharko dute. Udalaren datuen arabera, 200 ibilgailu ingururi eragingo die aldaketak. Gainontzean, aldaketa gutxi izango dira TAO zerbitzuaren inguruan Zumaian. Errotazio altuko B gunea indarrean sartuko da uda sasoian, eta ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat doakoa izango da bertan aparkatzea. Gainontzeko autoentzat, berriz, lehen 30 minutuak izango dira doakoak. Bi kasuetan tiketa inprimatu beharko da. Aipatu B gunea osatuko dute Zubitxikitik Moilaberriko zubirako aparkalekuek eta Alai inguruko aparkalekuek.
Egonaldi ertaineko guneak ere uda sasoian soilik egongo dira indarrean Zumaian, eta bertan, zumaiarrek sei edo 11 orduz aparkatzeko aukera izango dute, gunearen arabera. Egoiliarren guneak, berriz, txuriz eta E edo R batez margotuta egongo dira, herri osoan banatuta.
Oriori dagokionez, aurtengoan, lehen aldiz, lerro berdez eta urdinez desberdindutako aparkalekuak izango dira TAO zerbitzudunak. Lerro berdedun aparkalekuak apur bat merkeagoak izango dira aparkaleku urdinak baino. Horrez gain, berrikuntza gisa, Txanka kaleko aparkalekuak gune berdea izango dira aurten. Herritarrek aparkatzeko pegatinak udaletxean jaso ditzakete dagoeneko, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era bitartean.
Getarian, ohi bezala, portuan jarriko dute TAO zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Zarautzen, berriz, herri osoan zehar egongo dira banatuta TAO gune desberdinak, eta Udaltzaingoak Hitzari jakinarazi dionez, aurreko urteko tarifak eta guneak mantenduko dira, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Hondartzak ere prest
Eskualdeko hondartzetan ere izango dira berrikuntzak aurtengo udako sasoian. Orioko eta Zumaiako hondartzetan ez da Gurutze Gorria arduratuko sorospen zerbitzuak emateaz; BPXport enpresarena izango da aurtengo udan ardura hori. BPXport kirol kudeaketa zerbitzuez arduratzen da, eta, Orioko eta Zumaiako hondartzez gain, Donostiako hondartzaren zaintza ere beraiek kudeatuko dute.
Getarian, Gurutze Gorria arduratuko da sorospen zerbitzuaz, eta aste honetan zabaldu dute sare sozialetatik deialdia sorosleak kontratatzeko. Jakinarazi dutenez, zortzi sorosle kontratatuko dituzte lanaldi osora Malkorbe hondartzaren zaintzaz arduratzeko, eta deialdira aurkezteko epea bihar, ostirala, amaituko da.
Zarautzi dagokionez, oraindik ez dute jakinarazi zein izango den hondartzaren ardura hartuko duen enpresa edo elkartea, baina Hitzak jakin ahal izan du egun gutxi barru emango dutela jakitera.
Hondartzen gaiarekin jarraituz, Zumaiako Itzurun hondartzako toldoen eta aulkien zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu du bertako udalak. Interesa dutenek ekainaren 4ra arte izango dute proposamenak udaletxean aurkezteko epea, eta udalak 15.000 euro ordainduko ditu zerbitzua ematearen trukean. Esleipendunaren ardura izango da toldo zein aulkiak jarri, kendu, pilatu eta zaintzea, une oro guztiak garbi eta erabilgarri mantenduz, dagokion ordutegian.
Getarian atzo esleitu zuten Katrapona plazan jarriko duten kantina kudeatzeko ardura. Ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, asterburuero egongo da zabalik kantina hori, 10:00etatik 00:00etara bitartean.
Zarautzen ere, uda denboraldia ofizialki larunbat honetan hasiko denez, toldoen eta amaka gordelekuen zerbitzua martxan izango da ekainaren 1etik irailaren 30era arte.
Hondartza faltan, igerilekua
Hondartzarik ez duten eskualdeko herrietan ere bada beroari aurre egiteko eta aisialdirako tarterik. Aian, larunbatean zabalduko dute igerilekua, eta irailaren 1era arte egongo da zabalik, egunero 11:00etatik 20:00etara. 4-18 urte bitartekoentzat 4 euroko kostua izango du sarrerak, eta 18 urtetik gorakoentzat, 5 eurokoa. Sarrera 17:00etatik aurrera erosiz gero, berriz, 2 euro ordaindu beharko dira. Horrez gain, denboraldiko bonoa erosteko aukera ere eskainiko dute Aian: 4-18 urte bitartekoentzat 20 euroan, eta 18 urtez gorakoentzat 40 euroan. Familia bonoak ere egingo dituzte: familiako bi kidek bonoa eskuratzen badute %20ko deskontua egingo zaie, eta hiru kide edo gehiagok bonoa erosiz gero, %25eko deskontua.
Azkoitian, Ugarte Igara estali gabeko igerilekuak ekainaren 7an, ostiralean, irekiko dituzte. Kasu honetan ere egunero egongo dira zabalik, irailaren 15era arte, 10:30etik 20:00etara. Azpeitian ere zabalduko dituzte estali gabeko igerilekuak, kasu honetan, ekainaren 15ean. Hauek ere irailaren 15era arte egongo dira zabalik, egunero, 11:00etatik 20:00etara.