Kirola eta kultura uztartuko dituen eguna, larunbatean

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 30a, 14:00

Larunbaterako egun osoko egitaraua antolatu du SKAPA jai batzordeak. Iaz bezala, futbito txapelketa egingo dute, eta Bertso-balkoi Tourra izango da aurtengo berrikuntza.

SKAPA jai batzordeak kultura, kirola eta festa uztartuko dituen egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetarako. 10:00etan hasiko dute eguna, Sagasti plazan (Plaza Gorria), Futbito Txapelketarekin. Txapelketak egun osoa iraungo du, eta eguerdian, parrilan egindako janaria bazkaltzeko atsedena hartuko dute jokalariek zein antolatzaileek. Parrilan sukaldatzen arituko direnak Azken Portuko jai batzordeko kide ohiak eta horretarako prest agertu diren zenbait boluntario izango dira. Bazkalostean berriro helduko diote txapelketari, eta irabazleek Azken Portuko festetako auzo bazkarirako txartelak eskuratuko dituzte. Horrez gain, sari banaketan hainbat ezusteko egongo direla ere iragarri dute antolatzaileek.

Futbito txapelketan izena aurrez eman daiteke, azkenportua@gmail.com helbidera mezu bat bidalita. Mezuan, ondoko datuak zehaztu beharko dira: taldekideen izen-abizenak, taldeko arduraduna eta haren telefono zenbakia eta taldearen izena. Taldeko gutxienez lau kidek eta gehienez seik parte hartu ahalko dute. Taldeak mistoak izango dira, eta 16 urtetik gorakoek soilik har dezakete parte. Izen-ematearen prezioa 20 eurokoa izango da taldeko, eta ordainketa txapelketaren egunean egin beharko da. Txapelketa hasi aurretik, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera.

Futbola eta bertsoak

19:00etatik aurrera, Bertso-balkoi Tourra hasiko da Aitor Sarriegi eta Agin Laburu bertsolariekin. Sagasti plazan hasiko dute emanaldia, eta plazan parez pare dauden bi balkoietan jarrita, elkarri bertsotan ariko dira Sarriegi eta Laburu. Gauza bera egingo dute, ondoren,
Urdaneta kalean eta Azken Portuko aireportuan, besteak beste.

Azken Portuko jai batzordeko kideek herritarrak animatu nahi izan dituzte larunbateko jaian parte hartzera eta egunaz gozatzera.