Zarauzko eskaintza turistikoa erakutsi dute Alacanten

Zarauzko Hitza 2019ko mai. 31a, 08:30

'Destinos Euskadi' marka turistikoaren barruan, Zarautzek bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du gaurtik igandera, Alacanteko 'Plaza del Puerto'-n.

Asteburu honetan, Destinos Euskadi marka turistikoak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du Alacanten, Eusko Jaurlaritzako Turismo Merkataritza eta Kontsumo sailarekin elkarlanean. Zarautz Destinos Euskadi markaren barruan dagoen helmuga da eta, hala, Alacanteko Plaza del Puerton izango da, gaurtik igandera bitartean. Zarautz ordezkatuz Turismo zinegotzia, Ixidor Larrañaga, izango da bertan. Hala adierazi du Larrañagak: "Euskal turismoak interes handia sortzen du Valentziako autonomia erkidegoan. Turismoaren Euskal Agentziak jasotako datuen arabera, 2018an handik etorritako bisitarien kopurua %4 igo zen, 2017arekin alderatuta. Gainera, interes hau sendotu egiten da hegazkin bidezko konexio onari esker. Izan ere, Alacantetik Bilbora ordu eta erdiko iraupena duten hegaldi zuzenak daude. Horregatik, Zarautzentzat oso garrantzitsua da asteburu honetan Alacanten izatea".

Erakustaldi horren bidez, han dagoen jendeak Zarauzko eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera izango du. Besteak beste, txotx gune bat jarri dute Plaza del Puerton, eta herri kirol erakustaldiak ere izango dira.