"Elkarrizketarako eta adostasun zabalak lortzeko prest" agertu da EH Bildu

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mai. 31a, 12:51
Itziar Murua EH Bilduren zerrendaburuak hartu zuen hitza atzo arratsaldean (Dorleta Agiriano Lai)

Aurtengo udal hauteskundeetan, "inoizko emaitzarik onenak" lortu ditu EH Bilduk Zarautzen. Emaitzak eskutan eta udalbatzen eraketaren atarian, "gehiengo zabalak osatzeko aukera guztiak zabalik" daudela azaldu dute koalizioko kideek. Hala, "elkarrizketarako eta adostasun zabalak lortzeko prest" agertu dira.

Pasa den igandean, maiatzak 26, izan ziren udal hauteskundeak. 2015eko zein 2011ko bozetako emaitzekin alderatuta, gora egin du Zarauzko EH Bilduk. Hain zuzen, 4.546 boto jaso ditu oraingoan; 3.539 boto izan ziren 2015ean, eta 4.276 boto 2011n, alkatetza lortu zuen urtean. Hala, “inoizko emaitzarik onenak” lortu dituztela nabarmendu zuten atzo, osteguna, koalizioko kideek. Amaitu berri den agintaldian baino hautetsi bat gehiago lortu dute udalbatzan, “zinegotzi kopurua igo duen udal talde bakarra" izanik: “Honek erakusten digu bide onetik goazela, herritarrek EH Bilduren lana babesten dutela eta pertsonak erdigunean jarriz, lanean jarraitu behar dugula”, adierazi zuen Itziar Murua zerrendaburuak.

Emaitzak eskutan, "gehiengo zabalak osatzeko aukera guztiak zabalik daudela" azaldu zuen Muruak: "Emaitzetan argi ikus daiteke gehiengo zabal bat abertzalea dela Zarautzen. Eta bestetik, gehiengo ezkertiar bat ere badago. Ikusten dugu gehiengo zabalak osatzeko aukera guztiak zabalik daudela". Hala, "elkarrizketarako eta adostasun zabalak lortzeko" prest agertu dira EH Bilduko kideak. Bestalde, eskerrak eman dizkiete "EH Bildurengan konfiantza jarri duten zarauztar guztiei".

Alkatetza airean

Orain, alderdiek ekainaren 15era arte dute Udal Gobernua osatzeko epea. Egun horretan udalbatzak eratuko dituzte herriz herri, eta aginte makilak eskuratuko dituzte alkateek. Zarautzen EAJ da nagusi aurtengo udal hauteskundeetan, jasotako 5.757 botoei esker hamar zinegotzi eskuratuta. Bigarren indarra izan da EH Bildu. PSE-EEk 1.182 boz eta bi hautetsi lortu ditu, eta Podemos-Equoberdeek, aldiz, 664 boto eta ordezkari bat. PPk ez du hautetsirik lortu. Laburbilduz, ondorengoa da talde bakoitzak Zarauzko Udalean lortu duen ordezkaritza:

  • EAJ: 10 (5.757 boto)
  • EH Bildu: 8 (4.546 boto)
  • PSE-EE: 2 (1.182 boto)
  • Podemos-Equoberdeak: 1 (664 boto)
  • PP: 0 (380 boto)

Zarauzko alkatetza erabakitzear dago oraindik; izan ere, EAJ izan da bozkatuena, baina 10 hautetsirekin, ez du gehiengo absolutua lortu. Alderdiek, beraz, ekainaren 15era arte dute hitz egiteko eta negoziatzeko epea, Udal Gobernua nola osatuko duten erabakitzeko.