Kantaurifest jaialdia "arropa jasangarrien" aldeko ekimena da, eta atzo malekoian moda desfile baten bidez erakutsi zuten posible dela "janzteko modu alternatiboak" eskaintzea. 11 arropa markak hartu zuten parte: batzuk artilearekin egiten dituzte arropak, beste batzuek sareekin...
Udaleko Ingurumen Sailak Emaus elkartearekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta Emauseko Begoña Cabaleirok jaialdiaren aurretik azpimarratu zuen "gero eta plastikozko arropa gehiago" erabiltzen dela. Datu horren garrantzia nabarmendu zuen: "Oihalen industria da munduko bigarren industria kutsatzaileena, petroliferaren atzetik". Zarautzen, udalak orain arte indarra jarri du erabilera bakarreko plastikozko poltsen aurkako kanpainan, eta agintaldian egindako lana "borobiltzeko", arropa jasangarriaren aldeko festa prestatu zuten.
Julian Iantzi ETBko aurkezleak gidatu zuen desfilea, eta haurrak nahiz helduak atera ziren jendaurrera arropa jasangarriak soinetan. Aurrez, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak hartu zuen hitza, ingurumena zaintzearen garrantzia azpimarratzeko eta udaletik egiten den lana azaldu zuen, esaterako, Agenda 21 egitasmoaren bidez.
Moda desfileaz gain, umeentzako tailerrak ere egon ziren atzo malekoian.