"Kalean eta jendearekin" erantzun nahi diete epaiketari Bagliettok eta beste 46 auziperatuek

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 1a, 19:06
Gaur Donostian egin duten agerraldiko irudi bat.

Irailaren 14rako manifestazioa antolatu dute Bilbon '11/13 auziko' 47 auziperatuek. Horietako bat da Ainhoa Baglietto abokatu zarauztarra.

Irailaren 16an hasiko da 11/13 auziko epaiketa; hots, euskal presoen babes taldeetako 47 kideren aurkako makroepaiketa. Auzipetuen artean dago Ainhoa Baglietto zarauztarra. Epaiketa hasi aurretik, auzipetuek gizartearen babesa jaso nahi dute. Hala, gaur Donostian prentsaurrekoan jakinarazi dute manifestazioa antolatu dutela irailaren 14rako, eta bertaratzeko eskatu diete herritarrei: “Makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu diguten herritarrei dei zabal bat egin nahi diegu irailaren 14an, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari”.

Jakinarazi dute hainbat eremutako pertsonekin “manifestu zabal bat” lantzen ari direla manifestazioak oihartzun eta parte hartze handiagoa izan dezan, eta esan dute datozen asteetan emango dutela horren berri.

Bestalde, webgune berezia sortu dute, epaiketaren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko: www.11-13makroepaiketa.eus.

Gaurko agerraldian zerrendatu egin nahi izan dute zein izan den beren lana (hemen prentsaoharra osorik). Zentzu horretan, esan dute lasai daudela. “Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin. Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu, eta elkartasunaren balioa gure bizitzen parte egiteak balio izan digu gizartean dauden bestelako injustizia egoerei begiratu eta gure sentitzeko. Asko izan du ederretik zentzu horretan, baina asko izan du minetik ere”, esan dute.

Etorkizunari dagokionez, ordea, kezka da nagusi. “Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak”.

2013an eta 2015ean atxilotuak

“ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean.  Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatuak ditu auzipetu guztientzat, baita hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere. Bagliettorentzat 11 urteko kartzela zigorra eskatzen du.

Abokatu zarauztarra 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera, Mate deitu zuten operazioan. ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea ere egotzi zieten. Egun haietan hainbat protesta egin zituzten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto atxilotu eta bi egunera, urtarrilaren 14an, utzi zuten aske, bermerik gabe.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, “ETAren espetxe frontea” osatzen dute auzipetuek. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela”, eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.

Epaiketa, sei urtera

Auzipetuek aurtengo apirilean ohar bidez azaldu zutenez, urte guztiotan “presente” izan dute epaiketa “edozein unetan” iritsiko zela. Gainera, gogorarazi zuten hamabostean behin epaitegira joan behar izaten dutela sinatzera, eta Espainiatik ateratzeko debekua izan dutela. “Egoera horrek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak, maite ditugun eta gaituzten horienak”. Auzipetuek adierazi zutenez, “espetxearen mamua” dute parez pare: “Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko”.

Orduan zaldu zutenez, euskal presoen eskubideen aldeko lana egin dute: “Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea izan da gure lana, eta hori da epaitzera doazena. Kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu, eta presoak eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu”.

Auzibidea “estatuaren estolderietan sortutako astakeria juridiko eta soziala” dela salatu zuten auzipetuek. Izan ere, horien arabera, beren lana “erabat publikoa” izan da, eta helburu argiak zituen: “Euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herraian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko”. Epaituek auziaren “bidegabekeria” salatuko dutela esan dute, eta adierazi dute bide hori herritarrekin batera egin nahi dutela. “Etorkizun berri batean sinesten dugu; justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko”.