Hamar talde aritu dira nor baino nor SKAPAren futbito txapelketan

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 1a, 19:29

Little Napoleon taldea nagusitu da txapelketan. Goizean hasi, eta arratsaldean amaitu dituzte finalak. Tartean, parrila jana egin dute, eta iluntzean bertsoekin amaituko dute eguna.

Futbito txapelketa berezia egiten dute Azken Portun. SKAPA jai batzordeak antolatuta, launaka aritzen dira futbolean, zortzi minutuko partidetan. Ate txiki-txiki batean sartu behar izaten dituzte golak, eta ez dute atezainik izaten. Hori bai, area txikiaren kanpotik egin behar dira jaurtiketak ere.

Hamar taldek hartu dute parte, eta giro onean aritu dira, megafoniatik gogorarazi duten bezala, "lagunarteko partidak" baitira. Little Napoleon taldeak lortu du garaipena, eta haientzat izango dira herri bazkarirako txartelak eta txapelketako oroigarria.

Bero galdatan aritu dira jokoan, baina eguerdian atseden ere hartu dute, eta parrila janaz gozatu dute.