Omenaldiz bete da Asti larunbat arratsaldean

Batetik, ZKEk urrezko intsignia eman zien Jose Angel Iribar, Jose Ignacio Txurruka eta Estanis Argote futbol jokalari ohiei, klubaren 75. urteurrenaren harira. Bestetik, kadete neskek omenaldia jaso zuten, Ligako Txapeldunen kopa irabazteagatik.

Atzo, larunbata, lagunarteko bi norgehiagoka jokatu ziren Astin. Arratsaldean izan ziren bi partidak. Batetik, Realeko eta Zarautz Kirol Elkarteko beteranoen arteko partida jokatu zen 17:00etan hasita. ZKEren 75. urteurrenaren barruan antolatu zuten partida. Bestetik, emakumezkoen lehen taldeak lagunarteko partida jokatu zuen Elgoibarren aurka, 17:30ean.

Bi partiden aurretik, ordea, omenaldiak izan ziren. Batetik, Jose Angel Iribar, Jose Ignacio Txurruka eta Estanis Argote futbol jokalari ohiak omendu zituen klubak, eta urrezko intsignia bana jaso zuten ZKEko kideen eta Xabier Txurruka alkatearen partetik. Iribar 49 aldiz aritu da nazioarte mailan, Txurruka 16 aldiz, eta Argote bitan.

Bestetik, emakumezkoen partidaren aurretik, ohorezko pasilloa egin zieten ZKEko kadete neskei, Ligako txapeldun izan baitira. Jose Angel Iribarrek eman zien kopa, futbolarien eta klubeko eta udaleko ordezkarien aurrean.