"Amorrazio puntu batekin gaude, kristoren aukerak ihes egin digulako"

Onintza Lete Arrieta 2019ko eka. 2a, 19:07
ZKE eskubaloiko kadeteak, Espainiako txapeldunorde gelditu berritan (ZKE)

Etxera bueltan dira Gran Camping Zarautz taldeko kadete mutilak, Pontevedran Espainiako Txapelketako finala jokatu ondoren. Granollers taldearen aurka 30-35 galdu dute zarauztarrek, eta ezin izan dute denboraldi bikaina guztiz borobildu. Martin Larrañaga entrenatzaileak telefonoz egin dizkio lehen adierazpenak HITZAri.

Zaila zen Granollersen aurka irabaztea, eta partida osoan  borrokatu duten arren, azkenean ihes egin die Espainiako Txapelketak Gran Camping Zarautz eskubaloi taldeko kadete mutilei. 30-35 gailendu dira kataluniarrak. Denboraldi osoan bi partida galdu dituzte, biak talde horrexen aurka.

“Amorrazio puntu batekin gelditu gara, kristoren aukerak egin digulako ihes”, aitortu dio HITZAri telefonoz Martin Larrañaga entrenatzaileak. Txapelketa oso ona egin dutela azaldu du, eta gaurkoa aukera polita izan dela. Horregatik amorrazioa. Hala ere, “denbora pasa ahala gero eta poz handiagoa dugu, honaino iristea ere handia izan delako”. Euskal Ligako txapeldunak izan dira, eta Espainiako txapeldunorde, orain. “Talde oso konpletoa da gurea, mutil umilak baina oso langileak dira”, esan du.

Gaurko partidaz, aurkarien atezainaren lana nabarmendu du: “Aukerak egon eta ezin duzunean sartu atezainak dena gelditzen duelako, zure lana zalantzan jartzen hasten zara, eta gerra psikologikoa hasten da. Horixe gertatu zaigu”.

Zarauzko afizioaz, berriz, kexarik ez, “15 taldekide baginen, bakoitzeko lau lagun joan direlako gu animatzera”, esan du Larrañagak.