Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' irakurriko dute aurtengo Klasikoen Irakurketa Jarraituan

Literaturian omendu zuten Anjel Lertxundi idazlea. (Amaia Urbieta Arruti)

12. urtez jarraian, Bilbon egingo dute Klasikoen Irakurketa Jarraitua jardunaldia. Aurten Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' liburua irakurriko dute ehunka pertsonak, 12 orduz. 25 urte bete ditu aurten 'Otto Pette'k.

Ikasleon Jaia ospakizunaren barruan, Bilboko Bilbo Zaharra euskaltegiko kideek literatur jardunaldia antolatzen dute urtero. Klasikoen Irakurketa Jarraitua izenpean, euskarazko liburu klasiko bat irakurtzen dute Bilboko Arriaga antzokian, ehunka pertsonen artean. 12. jardunaldia izango da aurtengoa, eta dagoeneko erabaki dute euskarazko zein lani helduko dioten; hain zuzen, Anjel Lertxundiren Otto Pette liburua irakurriko dute.

Ekainaren 6an, osteguna, izango da aurtengo Klasikoen Irakurketa Jarraitua. Hamabi orduz arituko dira Arriagan, 08:00etatik 20:00etara. Pasarte laburrak irakurriko ditu bakoitzak, txandaka.

Otto Petteren 25. urteurrena

Anjel Lertxundiren Otto Pette lanak 25 urte bete ditu aurten. Irakurketa Jarraituaren antolatzaileek "liburuak euskal prosari egindako ekarpena azpimarratu nahi dute, eta egileari berari ere ondo merezitako omenaldia egin". Lertxundi "egungo euskal idazle nagusienetakoa" dela adierazi dute.