Pasa den asteburuan hasi da udako denboraldia, eta aurten, aldaketak izango dira Zarauzko hondartzan ere. Izan ere, datorren udan ez du Gurutze Gorriak kudeatuko Zarauzko hondartzako zaintza. Zarauzko Udalak lehiaketa publikoa aurkeztu zuen, eta hiru enpresarekin negoziaketetan aritu ostean, azkenean, BPXport-ek irabazi du lehiaketa. Hala, aurten BPXport enpresako sorosleak arduratuko dira Zarauzko hondartzako zaintzaz.
Oraindik akordioa sinatu ez badute ere, sorosleak ekainaren 15ean hasiko dira hondartzaren zaintza lanetan, eta irailaren 15ean amaituko dute denboraldia.
2006. urtean sortu zuten BPXport enpresa, Hernanin, eta kirol zerbitzuen kudeaketan aritzen dira. Zarautzen ez ezik, Gipuzkoako beste zenbait hondartzatan izango dira zaintza lanetan; hala nola, Orion, Zumaian edota Donostian.