Ikasturtea amaitzeko festa giroan murgildu dira herriko ikastetxeak

Pasa den larunbatean Orokietan eta Salbatore Mitxelenan ospatu dituzte ikasturte amaierako festak. La Sallekoek astebete lehenago ospatu zuten, eta Antonianokoa, berriz, ekainaren 15ean izango da.

Giro bero eta eguzkitsuaz gozatzeko aukera izan zuten larunbatean Orokietako eta Salbatore Mitxelenako ikasleek, urtero antolatu ohi duten ikasturte amaierako festan. Besteak beste, emanaldiak, haurrentzako jolasak eta tailerrak izan ziren. La Salle ikastetxean maitzaren 25ean, aurreko larunbatean, egin zuten ospakizuna, eta Antonianokoentzat, ekainaren 15ean izango da egun handia.

Salbatore Mitxelena ikastolan ohiko marmitako bazkaria izan zen LHkoen emanaldiaren ostean, eta arratsaldean, DBHko 4. mailakoen agurra eta disko festa izan ziren. Orokietan, berriz, berrikuntzekin ospatu zuten aurtengo festa. Lehen aldiz, alkoholik ez zuten zerbitzatu, eta antolatzaileak "gustura" agertu ziren hartutako erabakiarekin. Haurrek, tailer eta jolas desberdinez gozatzeko aukera izan zuten han ere. La Sallen maiatzaren 25ean egin zuten festa, eta han ere izan zen zertaz gozatua: dantza emanaldia, esker oneko ekitaldia eta judo erakustaldia izan ziren, besteak beste.