Eskualdeko traineruak aurre denboraldiaren azken txanpan murgilduta daude, eta estropadak izan dituzte pasa den asteburuan. Alde batetik, Zarauzko, Getariako eta Zumaiako traineruek eta Orioko gizonezkoen harrobiko taldeak Mutrikun izan zuten hitzordua larunbatean, eta Mutrikuko XX. Bandera Traineru Estropada izan zuten jokoan. Bestetik, Orioko eta Zumaiako emakumezkoen traineruek eta Orioko, Zarauzko eta Zumaiako gizonezkoen txalupek, Antiguako Ama estropada jokatu zuten igandean, Ondarroan.
Zarauztarrak, hirugarren
Mutrikuko estropadan, zarauztarrak (20:43,97) izan ziren eskualdeko parte hartzaileen artean azkarrenak. Bigarren txandan parte hartu zuen Zarauzko ontziak, eta hirugarren egin zuen. Hala, sailkapen orokorrari dagokionez, zazpigarren postua lortu zuen.
Orio Arraun Elkarteko harrobiko taldea bederatzigarren postuan sailkatu zen, ibilbidea 20:55,81 denboran osatuta. Gertutik jarraitu zion Getariako (20:58,29) ontziak, oriotarrengandik hiru segundo eskasera helmugaratuta, eta 13. postuan sailkatu zen Zumaia (21:16,16).
Lehia estua
Emakumeen estropadan lehia estua izan zen. Hamabi ontzik parte hartu zuten erlojuaren aurkako proban, eta oriotarrek (10:48,52) denborarik onena egitea lortu zuten, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren Tolosaldeari (10:52,24) eta Arraun Lagunak taldeari (10:52,34) hiru segundo eskas aterata. Seigarren sailkatu zen zumaiarren ontzia, 10:55, 74 denbora eginda.
Gizonezkoen lehian, bestalde, hirugarren postuan sailkatu zen Orioko (19:41,85) talde nagusia, Donostiarraren (19:28,52) eta Ondarroaren (19:36,18) atzetik helmugaratuta. Hamargarren izan zen Zarauzko Enbata (20:24:40) eta 14. postuan sailkatu zen Zumaia (20:33:97).