"Baneukan Zarauzko Argazki Rallya irabazteko gogoa"

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 4a, 12:27

Jose Luis Rodriguez zallarrak irabazi du Zarauzko Argazki Rallya. Ostiralean egin zuten sari banaketa Torre Luzean, eta lehiaketa irabazteaz gain, argazki onenaren saria ere berak jaso du, lore baten argazkiarekin.

Lau edo bost aldiz hartu du parte Zarauzko Argazki Rallyan Jose Luis Rodriguezek. Zallarra da, ofizioz irakaslea, eta Barakaldoko argazki elkarteko kidea. Afizioz ateratzen ditu argazkiak, eta rally formatoa du gustukoen. "Ez naiz photoshop zalea, nahiago ditut rallyen moduko formatuak, bat-batekotasuna eskatzen dutenak, irudimena eta azkartasuna". Irabaziak ditu hainbat rally, baina Zarautzen aurreneko aldiz lortu du nagusitzea: "Baneukan gogoa Zarauzkoa irabazteko".

Bost gai oso desberdin jorratu dituzte, eta 36 argazkitan laburbildu behar izan dute lana. Oxidoa, lorea, hanka taldea... Halakoak izan dira landu beharreko gaiak, eta eroso sentitu da Rodriguez. "Gaiak bitxiak izan ohi dira, herri batetik bestera aldatu egiten dira, eta ondo moldatzen naiz".

Kendu du arantza bat, baina oraindik badu Zarautzekin kitatu beharreko zorra. "Harrigarria iruditu arren, oraindik ez naiz Photomuseumen izan. Etortzen naizen hurrengo aldian derrigor bisitatu beharra daukat".