Ekainaren 15ean eta 16an, larunbata eta igandea, Gure Sheepdog Trial artzain txakur lehiaketa egingo dute Zarautzen. Goiko kanpineko zelaietan izango da, hirugarren urtez jarraian. Aurten Europa osoko 45 txakurrek eta artzainek hartuko dute parte norgehiagokan.
Larunbatean 08:00etan hasiko da txapelketa, eta 17:00etan amaituko da. Igandean ere jarraituko du lehiak, 08:00etan hasi eta 16:00etara bitartean. Egun horretan izango da sari banaketa, 16:00etan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "eguneroko lanean artzain txakurrek egin ditzaketen lanen isla izango dira lehiaketako probak"; hain zuzen, "ardiak biltzea eta batera eta bestera eramatea, markatutako ardiak artaldetik banatzea, edota artaldea artegi edo barruti txiki batean sartzea". Aurten, Michael Davidson eskoziarra izango da epailea.
Txapelketatik harago, ekintza osagarriak
Gure Sheepdog Trial txapelketako egitarauaren barruan, ekintza osagarriak antolatu dituzte. Igandean, jendaurrean ilea moztuko diete ardiei, 11:00etan. Jarraian, 12:00etan, herri kirolen erakustaldia izango da.
Bestalde, goiko kanpineko zelaietara bertaratzen diren herritarrek "euskal sukaldaritza tradizionala" dastatzeko aukera izango dute. Hainbat produktu eskainiko dituzte bertan; hala nola, Sarasola sagardoa, Urien gazta edota Goya harategiko produktuak, Amatxo Euskal Tabernako Iker Rodriguezen taldearen eskutik.