Eskubaloiko euskal selekzioak eta Akitaniako selekzioak indarrak neurtuko dituzte larunbatean

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 6a, 15:00
Jokalariak, Euskal Eskubaloi Federazioko ordezkariak eta instituzioetako ordezkariak izan ziren agerraldian. (Amaia Urbieta Arruti)

Euskadiko selekzioaren eta Akitaniako selekzioaren arteko partida izango da larunbatean Aritzbatalden. ZKE-ren 75. urteurrenaren harira antolatu dute.

Eskubaloi elkartearen txanda da oraingoan, Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurreneko ospakizunetarako. Larunbatean, 19:30etik aurrera, Euskadiko selekzioaren eta Akitaniako selekzioaren arteko partida jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegian. Eskualdeko hainbat jokalarik hartuko dute parte partidan, Euskadiko selekzioko elastikoarekin: Ander Torriko zumaiarrak eta Mikel Agirrezabalaga, Paulo Ostolaza eta Alberto Agirrezabalaga zarauztarrek.

Guztira, 17 jokalariko zerrenda osatu dute Euskal Eskubaloi Federazioko arduradunek, eta Hugo Sanchez teknikariak azaldu duenez, "zaila" izan da zerrenda osatzea, denboraldi bukaeran jokalari askok konpromiso desberdinak izan ohi dituztelako. Julen Aginagalde, esaterako, ez da izango partidan, min hartuta dagoelako; Sanchezek bere falta "pena bat" izango dela nabarmendu du. Hutsuneak hutsune, zerrenda "ederra" eta talde "lehiakorra" osatu dutela azaldu du egungo Amenabar taldeko entrenatzaileak, eta herritarrak animatu ditu Aritzbataldera bertaratzera. Elkarteko bazkide direnek doan izango dute sarrera, eta bazkide ez direnentzat, bost euroko kostua izango du.

Aitor Urbitarte euskal selekzioko entrenatzailearen laguntzaileak azaldu du Akitaniako taldea, printzipioz, ez dela punta-puntako taldea. Dena den, nabarmendu du eskualde horrek "formakuntza handia" daukala eskubaloian, eta lan ona egin beharko dutela haiei irabazteko.

Hitzorduaren harira, Esteban Collantes ZKEko lehendakariak prentsaren aurreko agerraldian Eskubaloi elkartea goraipatu du: "alebinetatik ohorezko B mailarako piramidean, 650 lizentzia baino gehiago ditu Zarauzko Eskubaloi Elkarteak, eta aurtengo denboraldian, 38-39 talde inguru izan ditugu".

Kadeteei aitortza

Hain zuzen ere, piramide horretako erdialdeko mailan dauden kadete mutilek lorpen ederra egin zuten aurreko astean. Espainiako txapeldunorde izan ziren Pontevedran, eta horren harira, bihar, selekzioen arteko partidaren ostean, omendu egingo dituzte jokalari gazte zarauztarrak.
Mikel Agirrezabalaga Asobal ligako jokalariak ere nabarmendu egin du Zarauzkoa bezalako eskubaloi elkarte bat horren urrutira iristearen garrantzia. «Ni talde profesional askotan egon naiz, eta gauza handia da 20.000 biztanleko herri batek, dituen baliabideekin, halako lorpena egin izana».