Mikel Agirrezabalaga: "Ziurrenik larunbatean amaituko da nire ibilbidea eskubaloian"

Bartzelona, Ademar de Leon, Alcobendas... hamaika taldetan aritu da jokatzen Mikel Agirrezabalaga (Zarautz, 1984) eskubaloi jokalaria. Iruñeko Anaitasuna taldean egin du azken denboraldia, eta ziurrenik, bere azkenengoa izango dela jakinarazi du.

Dezepzionatu samarrik dirudizu aurtengo denboraldia amaitu ostean. Nola joan da?
Dagoeneko 35 urte ditut, eta aurten, bihar hain justu, nire azken partida izango dela uste dut, ez badago aldaketa drastikorik. Sei hilabete lesionatuta igaro ditut denboraldi honetan, eta adin honekin ez da erraza horren lesio luzea igaro ondoren berriro martxan jartzea.

Horrez gain, aurtengo denboraldirako aspirazio hobeak geneuzkan Anaitasuna taldean. Behintzat 5. eta 8. postuen artean nahi genuen bukatu, eta azkenean 10. geratu gara. Nik uste dut txarra izan dela sasoia, orokorrean.


Zerk gertatu beharko luke azkenean beste urte batez eskubaloian jarraitzea erabakitzeko?
Nire baldintzak dagoeneko oso bereziak dira. Ezin dut konprometitu elkarte batekin goizez eta arratsaldez entrenatzen aritzeko, bidaia guztietara joateko, askotan lanagatik ezin izaten dudalako.
Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko arduraduna naiz nire lantokian, beraz, jokatzen jarraitzea erabakiko banu, Bidasoa taldera joateko aukera bakarrik izango nuke. Asobal ligako beste elkarteek badakite, niri jokatzeko deituz gero, erantzuna ezezkoa izango litzatekeela.

Azken urteetan eskubaloi munduak jaitsiera handia izan du. Krisia etorri zenean dirurik gabe geratu ziren elkarteak, eta oraindik ez dira errekuperatu, egonkortasun apur bat berreskuratu den arren. Taldeek beren jokalariei ordaintzen diete, baina hortik bizimodua ateratzea zaila da. 20-25 urte izango banitu planteatuko nuke jokatzen jarraitzea agian, baina nik orain adin bat daukat, hiru seme ditut eta, azknean, beste gauza batzuk ere begiratu behar ditut.


Hortaz, hemen amaitzen bada zure eskubaloiko bidea, Zarautzen jokatuko duzu azken partida. Berezia izango da hori zuretzat.
Bai, oso berezia izango da eta, niretzat, emozioz betetako partida. Hemen hasi nintzen eskubaloian jolasten, eta hemen bukatuko bada, oso polita izango da. Oraindik bueltak ematen ari naiz kontuari, baina nahi nuen denboraldia bukatu erabakitzeko zer egin nire etorkizunarkin.

Orain atseden hartu, buruari buelta batzuk eman, familiarekin hitz egin eta erabaki behar dut. Aurten, orokorrean, oso erreta bukatu dut guztiarekin: lanarekin, eskubaloiarekin... Denbora oso gutxi izan dut, eta horregatik, hasiera batean uste dut larunbatekoa nire azken partida izango dela.