Uda garaiko 'lagun' ezaguna

Aitziber Arzallus/Gipuzkoako Hitza 2019ko eka. 7a, 10:30
Emakume bat Zarauzko TAO makina batetik txartela ateratzen; irailaren 30era arte egongo da udako TAOa. (Aitziber Arzallus)

Zarautzen eta Orion martxan da udalko TAOa, eta ekainaren 15ean iritsiko da Zumaiara eta Getariara. Gipuzkoako Hitza astekariko Aitziber Arzallus kazetariak sistemaren berri eman du.

Egutegiak dio bi aste barru iritsiko dela uda, eta kostaldeko herrietan ari dira urtaro berrirako egokitzapena egiten. Barrualdeko herrietatik hondartza gosez doan jende oldea hartzeko prest dituzte zerbitzu eta azpiegitura gehienak, eta zenbait herritan piztu dituzte TAO makinak ere (Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua). Zarautz eta Orio izan dira horretan aurrenak, eta datozen egunetan gauza bera egingo dute beste guztiek, Gipuzkoako kostaldean ez baita herririk udako sistema hori ez duenik. Zumaia izan zen ezartzen azkena, duela bi urte, eta Oier Korta jarduneko alkateak "oso balorazio positiboa" egin du: "Herria ordenatuago ikusten da, eta nabarmen jaitsi da atzera eta aurrera bueltaka ibiltzen den auto kopurua. Definituta daude TAO guneak, eta egoiliarren guneak ere bai; aurrerapauso handia eta garrantzitsua izan da mugikortasunaren ikuspegitik".

TAO sistema pixkanaka osatzen ari dira Zumaian: lehendabizi, herriguneko aparkalekuak arautu zituzten; eta sistema herri guztira zabaldu zuten gero. Iazko sistema bera izango du aurten. Hiru eratako aparkalekuak egongo dira herrian: errotazio handikoak, ertainekoak eta egoiliarrentzakoak. Zumaiarrek ordu eta erdian doan aparkatuko dute errotazio handiko guneetan; bisitarientzat, aldiz, aurreneko ordu erdia bakarrik izango da doakoa. Guztiek tiketa atera beharko dute. Egonaldi ertaineko guneetan ere, sei edo 11 orduz —gunearen arabera— doan aparkatuko dute zumaiarrek; eta ordaindu egin beharko dute bisitariek. Egoiliarrentzako aparkalekuak —lerro txuria dute eta E edo R hizkia— egoiliarrek soilik erabili ahal izango dituzte udako hilabeteetan. Bereizgarria izan beharko dute autoek, eta dagokion gunean aparkatu beharko du bakoitzak.

Jarraitu artikulua irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.