Hurrengo astean hasiko dira sanpelaioetako haurren danborradarako entseguak

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 7a, 13:00

Ekainaren 26an izango da San Pelaio jaietako haurren danborrada, 18:00etan. Zuzendariek aste honetan egin dituzte probak, eta hurrengo astean, danbor-joleen txanda izango da.

Gero eta gutxiago falta da aurtengo San Pelaio jaietarako. Egitarauaren barruan, hilaren 26an, asteazkena, haurren danborrada izango da, 18:00etan. Zuzendariek aste honetan egin dituzte lehen probasaioak, eta hurrengo astean, danbor-joleen txanda izango da.

Astelehenean, 18:00etatik 18:45era elkartuko dira danbor-jolak, gaztelekuan. Haur Kultur Taldeko kideek azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzako 3. mailako, 4. mailako, 5. mailako eta 6. mailako gazteek izango dute danborra jotzeko aukera. 2. mailakoek, aldiz, desfilean soilik hartu dezakete parte, eta ez dute probetara bertaratu beharko.