Gizarte elkarteen lana erakusteko film laburrak emango dituzte Modelon, hilaren 14ean

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 7a, 20:00
Bihotzez elkarteak Zarautz Bihotzekin Elkartasun Lasterketa antolatzen du Itxasmendin.

'Hedatuz, gizarte elkarteen bisibilizazioa' ekimenaren barruan antolatu dute film emanaldia. Hainbat gizarte elkartek "euren beharrak islatzen dituzten" film laburrak osatu dituzte, eta "pertsonen heziketa eta gizarteratze prozesuak" landu dituzte. Ekainaren 14ean Modelo aretoan izango dira ikusgai.

Hedatuz, gizarte elkarteen bisibilizazioa ekimena antolatu dute hainbat elkartek eta erakundek, "gizarte egitasmoen lana zabaltzeko eta Gipuzkoan lan egiten duten elkarteen gizarteratzea bultzatzeko. Besteak beste, proiektuan parte hartu dute Bizibide Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kroniko Sindromearen Elkarteak, Bihotzez Kardiopatiak dituzten haurren familien elkarteak, Agiac Gipuzkoako Antikoagulatu Elkarteak edota Agisas Gipuzkoako gizarte integratzaile eta gizarte eta kultura animatzaileen elkarteak.

2018. urtean, zenbait tailer antolatu zituzten elkarteek, eta bertan egindako lanketetatik abiatuta, "euren beharrak islatzen dituzten" film laburrak osatu zituzten. Hala, grabaketak egiteaz gain, "pertsonen heziketa eta gizarteratze prozesuak" landu dituztela azaldu dute.

Bost film labur

Guztira, bost film labur ekoiztu dituzte taldeek: Bizibidek El vuelo de las mariposas sortu du; Bihotzezek Tocados por el corazon eta Reportaje Bihotzez; Agiac elkarteak Intentalo, todo es posible eta Reportaje Agiac; eta Agisasek La familia lo primero.

Ekainaren 14ean, ostirala, bost ikus-entzunezko lanak emango dituzte Modelo aretoan, 19:30etan hasita. Antolatzaileen arabera, doakoa izango da sarrera, edukiera bete arte. Gazteleraz daude filmak, baina euskarazko azpitituluak izango dira. Bestalde, azaldu dute "ezinbestekoa" dela kolonia, krema, lozio edota antzeko produkturik ez eramatea, "kalte larria eragiten dietelako sentsibilitate anizkoitza duten pertsonei".