Jokin Eizmendik eta Zelai V.ak irabazi dute Urrezko Binakako Harrijasotze Txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 8a, 12:30
Jokin Eizmendi. (Ibon Errazu)

Urrezko Binakako Harrijasotze Txapelketa Zelai V.ak eta Eizmendi zarauztarrak irabazi dute. Iker Vicentek jantzi du berriro Urrezko Aizkolarien Banakako txapela, eta Onsalo eta Astiazaran gailendu dira trontzan. 23 urtez azpiko aizkolarien mailan, Larrea III.a nagusitu da, eta 19 urtez azpikoen mailan, Ezpeleta.

Atzo gauean jokatu zuten Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketaren finala Izarraitz pilotalekuan, eta iaz bezala, aurten ere Iker Vicente nafarrak jantzi du txapela. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra izan zituen aurkari, eta guztiek honako lan hauek egin behar izan zituzten: lehenik, 45 ontzako enbor bat erlojuzkontra, kanaerdiko bat zutik eta oinbiko bat moztu zituzten, eta ondoren, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta 1,50 metroko beste bi enbor. Vicente izan zen lanak bukatzen aurrena: 22 minutu eta 11 segundo behar izan zituen. Haren atzetik, Larrañaga sailkatu zen, 23 minutu eta hamasei segundoko denborarekin; hirugarren, berriz, Txikia IV.a sailkatu zen, 27 minutuko denborarekin.

23 urtez azpikoen mailan ere lehiatu ziren aizkolariak. Julen Larrea Larrea III.a, Oier Kañamares Kañamares IV.a eta Joxean Etxeberria Etxeberria II.a aritu ziren parez pare, eta Larrea III.a nagusitu zen, hamabost minutu eta hamahiru segundoko denboarekin. Haren atzetik sailkatu zen Kañamares IV.a (15:22), eta hirugarren, Etxeberria II.a (17:40). 19 urtez azpikoen lehian, Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra ez zen lehiatu, eta Hodei Ezpeleta eta Xuban Kañamares Kañamares V.a aritu ziren nor baino nor; Ezpeleta nagusitu zen buruz burukoan.

Joan zen urtean, emakumezkoen aizkora txapelketa jokatu zuten Izarraitzen, eta horren ordez, binakako trontza txapelketa jokatu dute aurten. Karmele Gisasola eta Usue Ansorregi, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Lizana, eta Itsaso Onsalo eta Leire Astiazaran bikoteek neurtu zituzten indarrak atzo. Onsalo eta Astiazaran izan ziren lanak amaitzen aurrenak, hiru minutu eta 35 segundoko denborarekin. Haien atzetik Lopez de Uralde eta Lizana sailkatu ziren (3:48), eta Gisasola eta Ansorregi sailkatu ziren hirugarren (4:28).

Harri-jasotzaileei dagokienez, honako hiru bikote hauek parte hartu zuten Urrezko Binakako Harrijasotze Txapelketaren finalean: Imanol Albizu Goikoetxek eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak; Jon Gisasola Zelai V.ak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak; eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak eta Aimar Galarraga oriotarrak. Zelai V.arentzat eta Eizmendirentzat izan da aurtengo txapela; guztira, 9.200 kilo jaso zituzten. Guzta eta Goikoetxe izan ziren bigarren onenak, 9.150 kilo jasota, eta Galarraga eta Eiza sailkatu ziren hirugarren, 8.250 kilo altxata.

Ikusi irudi guztiak Urola Kostako Hitzan