Nazio ikurrak izango dituzte hizpide ekainaren 18an

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 11a, 11:30
(Info Libre)

"Herria egituratzen laguntzen duten osagaiak" aztertzeko asmoz, iazko neguan egin zuten aurrenekoz Nazio Ikurrei buruzko Biltzarra. Hala, besteak beste, kontzeptuak edo izendapenak, ereserkia, ikurrak edota egutegia izan dituzte eztabaidagai. Txosten batean jaso dituzte hainbat proposamen, eta orain, hitzaldi zikloa abiatu dute. Zarautzen hilaren 18rako jarri dute hitzordua.

2018. urteko urrian izan zen Nazio Ikurrei buruzko Biltzarra aurrenekoz, Bilbon (Bizkaia). Bertan izan ziren Biltzarre Burujabetzarako Ekimenen Bilguneko eta ENA (Euskal Nortasun Agiria) sustatu duten hainbat kide. "Herria egituratzen laguntzen duten osagaiak" izan zituzten mintzagai; besteak beste, "nazio ikurrak".

Hala, "pil-pilean dauden" zenbait eztabaidei heldu diete dagoeneko. Esaterako, kontzeptuak edo izendapenak aztertu dituzte: "Guk zein izen jarriko diogu gure herriaren nazio mailako egitura burujabeari? Euskadi, Euskal Herria, Nabarra, Nafarroa Baskonia, Euskal Herri Nabarra". Ereserkia, egutegia edota nortasun agiria ere izan dituzte hizpide.

Orain arte bildutako proposamenak txosten honetan jaso dituzte. Bertan, besteak beste, historian zehar erabili izan diren zenbait ikur landu dituzte, eta horien inguruko azalpenak eman. Nazio Ikurrei buruzko Biltzarrekoak aurtengo urrian elkartuko dira berriz, Iruñean (Nafarroa), eta dei egin diote "euskalnafar gizarteari" bertaratzeko eta eztabaidetan parte hartzeko.

Hitzaldi zikloa

Horretaz gain, hitzaldi zikloa ere antolatu dute, eztabaida horiek guztiak mahaira ateratzeko. Ekainaren 5ean Bilbon (Bizkaia) izan ziren Gontzal Mendibil, Tasio Erkizia eta Gaizka Basaldua, eta 12an, Altsasun (Nafarroa) hitza hartu zuten Patxi Zabaletak, Jose Luis Erdoziak, Eneko Del Castillok, Enrike Zelaiak, Iñigo Larramendik eta Koldo Martinez Urionabarrenetxeak.

Hilaren 18an, asteartea, Zarautzen jarri dute hitzordua. Etxezabalan izango da hitzaldia, 18:30ean, eta Iñaki Askoaga, Jose Mari Lejardi eta Iñaki Lopez De Luzuriaga bertaratuko dira hizlari modura.