Turismo Bulego berriaren irekieran izan den "atzerapena" salatu du PPk

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 11a, 14:30
(Xabier Txurruka)

EAJk "elektoralismo lotsagarria" erakutsi duela salatu dute Zarauzko PPko kideek. Izan ere, hauteskunde aurreko egunetan "bulego berriko pantailak eta argiak piztuta" izan dituztela baina hauteskundeen ostean ez dutela egoitza ireki azaldu dute PPkoek. Une honetan lanak "paralizatuta" daudela esan dute.

Zarauzko Udalak aurten jarri ditu martxan Turismo Bulegoa lekualdatzeko lanak. Hala, Kale Nagusiko 30. zenbakian obrak egin dituzte azken hilabeteotan, tokia Turismo Bulego berria izateko egokitzeko. Maiatza amaierarako itxura hartu zuen dagoeneko.

Zarauzko PP alderdiak Turismo Bulegoaren irekieraren "atzerapena" salatu du gaur, asteartea, prentsa ohar bidez: "Udal hauteskundeen aurreko egunetan, EAJren elektroralismo lotsagarria ikusi dugu". PPko kideek azaldu dutenez, "hauteskundeen aurretik, bulego berriko pantailak eta argiak piztuta izan dituzte", baina ondoren, ez dute egoitza ireki.

Azaldu dute hauteskunde aurreko egunetan bulego berriaren aurreko hesiak kendu zituztela, "oinezkoek ikusi dezaten ofizina berria nola gelditu den" obren ostean. Maiatzaren 26an izan ziren hauteskundeak, eta PPko kideen arabera, "maiatzaren 27tik itxita eta itzalita" dago bulegoa. Horrez gain, une honetan lanak "paralizatuta" daudela gaineratu dute.

Hauteskunde-arau berriak

Hala, "elektoralismoa eta manipulazio lotsagarria" gaitzetsi du PPk, eta gehitu du "guztion diruarekin" zarauztarrak "engainatu" dituela alderdi jeltzaleak. "Jarduteko modu hori iraganeko garaietakoa da", esan dute PPkoek: "Hauteskunde-arau berriekin, galarazi egin dituzte bozen aurreko hilabeteetako inaugurazioak".

"Hauteskunde-kanpainan esan genuen agintzeko beste modu bat beharrezkoa dela", adierazi du Alfonso Santibañez PPko aurtengo alkategaiak: "Oso beharrezkoa da gu udalbatzan egotea, eta hori erakutsi du gertatutakoak". Gainontzeko indar politikoen "isiltasuna" salatu du PPk.