Trobadorea da Ray Fernandez kubatarra. Gitarra eskuetan, Kubako doinuak eta hitzak ekarriko ditu Zarautzera, uztailaren 3an. Tres tanquistas y un perro izenpean, Modelo aretoan emanaldia eskainiko dute Fernandezek eta bere taldeak.
"Doinu zaharren zein troba berriaren jabe" da artista, eta "atzerriko doinuak" ere lantzen ditu. Bestalde, abestien hitzei dagokienez, "mintzaira herrikoia zein literatura landua" uztartzen ditu Fernandezek, eta gai politikoak, sozialak zein ekonomikoak ukitzen ditu, musikaren bidez: "Ikuspegi kritikoarekin jorratzen ditu urritasun ekonomikoak, errealitate sozialak, hertsatze politikoak eta giza-hobekuntzarako aukerak". Horretarako, umorea ere baliatzen du.
20:00etan hasiko da Zarauzko emanaldia, eta artista gonbidatuek ere parte hartuko dute; hala nola, Beñat Gaztelumendik, Eñaut Elorrietak eta Jesus Mari Lopetegik. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Sanz Enean, 5 euroan.