Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren atarian, 2017. urteko azaroan Gu ere bai berdintasunaren aldeko manifestua kaleratu zuten Zarauzko hainbat gizonek. "Zarauzko gizonak indarkeria matxistaren aurka gaude. Herriko gizon batzuk hausnarketarako elkartu gara, gure gogo eta proposamenak mahai gainean jartzeko. Indarkeria matxista egunero kontzienteki edo inkontzienteki elikatzen duten baloreak, jarrerak eta ekintzak topatzen ditugu", zioen testuak.
Hala, Zarauzko gizonei "gogoetarako eta ekimenetarako gonbidapena" egin zieten, "gizarte berdinzaleagoa eta hobea lor dezagun". Parekidetasun sailaren blogean argitaratu zuten Gu ere bai manifestua, eta atxikimenduak jasotzeari ekin zioten.
Orain ere, testuari atxikimendua adieraztera eta sinatzera deitu dituzte Zarauzko gizonezkoak. Atxikitzeko, izen-abizenak idatzi behar dira Parekidetasun sailaren blogean, argibideek zehaztutako gunean.
Ondorengoa da Gu ere bai manifestua, osorik:
"Zarauzko gizonak indarkeria matxistaren aurka gaude. Herriko gizon batzuk hausnarketarako elkartu gara, gure gogoeta eta proposamenak mahai gainean jartzeko.
Indarkeria matxista egunero, kontziente edo inkontzienteki, elikatzen duten balore, jarrerak eta ekintzak topatzen ditugu. Bide horretan, gure kezkak eta proposamenak adierazteko honako gai hauek identifikatu ditugu:
Umore sexista, hizkuntza sexista, mespretxua, botere harremanak eta pribilejioak, egunerokotasunean gertatzen diren desorekak, mota guztietako indarkeriak, beldurraren kultura, zaintzekiko ardura falta, maitasun erromantikoa, errespeturik gabeko sexualitatea, biktimei ez sinistea, etab.
Zarauzko gizonei, gogoetarako eta ekimenerako gonbidapena luzatzen diegu, gizarte berdinzaleagoa eta hobea lortu dezagun".