Xabier Txurruka: "Turismo Bulego berria uztaileko lehen hamabostaldian zabalduko da"

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 13a, 11:20
(@XabiTxurruka)

Zarauzko PPk aste honetan egindako adierazpenei erantzun die Xabier Txurruka jarduneko alkateak. Bere esanetan, une honetan, altzarien lizitazio prozesuan daude, oraindik ez dagoelako esleituta. Horrez gain, azpimarratu du ez dela egia maiatzaren 27tik aurrera obrarik egon ez denik.

Xabier Txurruka jarduneko alkateak erantzun egin die facebook bidez Zarauzko PP-k Turismo Bulegoaren inguruan egindako adierazpenei. Popularren hitzetan, "elektoralismo lotsagarria" erakutsi du EAJ-k, azpiegitura berriko obren kudeaketarekin. Irekieran izandako "atzerapena" salatu zuten, besteak beste. "Hauteskundeen aurretik, bulego berriko pantailak eta argiak piztuta izan dituzte, baina ondoren, ez dute egoitza ireki", azaldu zuten.

Txurrukaren esanetan, uztaileko lehen hamabostaldian zabalduko dute bulego berria, eta orain, obra zibila bukatuta badago ere, altzarien lizitazio prozesuan daude, oraindik ez dagoelako esleituta. Azalpenari gehitu dio Txurrukak Santibañezek udalean galdetu izan balu, honen berri izango lukeela, "gainontzeko talde politikoek bezala".

Teknikariekin hitz eginda, Turismo Bulegoaren aldaketa egiteko unerik egokiena uztaileko lehen astea izango dela ondorioztatu dute, malekoiko arreta turistikorako etxola jarri eta gero, "zerbitzuak etenaldirik jasan ez dezan". Horrez gain, jarduneko alkateak nabarmendu du ez dela egia maiatzaren 27tik aurrera lanik burutu ez denik.

Burutzeko, Alfonso Santibañez PPko kideak esandakoen "tonua eta forma" ikusita, "hauteskundeetako emaitzen digestioa ondo egin ez duela" dirudiela adierazi du Txurrukak, eta hurrengoan horrelakorik suertatuz gero, beste indar politikoekin hitz egitea gomendatu dio. "Izan ere, autobidetik joan eta auto guztiak zure kontrako norantzan datozela ikusten duzunean, egokiena bide bazterrean gelditzea izan ohi da".