'Víctimas y política penitenciaria' liburua aurkeztuko dute Zazpin

Zarauzko Hitza 2019ko eka. 13a, 12:21

Mario Onaindia eta Fernando Buesa fundazioek elkarlanean antolatuta, politika antiterroristen eta birgizarteratzearen inguruan hausnartzera bultzatzen duen liburua aurkeztuko dute, eta lantzen diren gaien inguruko eztabaida izango da Zazpi Kultur Aretoan.

Hizlari lanetan ariko dira Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendari ohia, Josu Elespe, Eduardo Mateo Fernando Buesa fundazioko zuzendaria eta Gema Varona Biktimologiako Euskal Institutuko lehendakaria. Mario Onaindia fundazioko kide den Patxi Elolak egingo ditu aurkezle lanak. 19:30ean hasiko da saioa, Zazpi Kultur Elkartean.

Eduardo Mateok eta Antonio Riverak ondutako liburuak hainbat hausnarketa barnebiltzen ditu politika antiterroristen eta birgizarteratzearen inguruan, Víctimas y política penitenciaria goiburupean. Bertan daude filosofoen, historiatzaileen, biktimen, ETAko preso ohien, epaileen eta beste hainbaten ikuspuntuak. Horrez gain, politika antiterroristek emandako emaitzak lantzen ditu Espainian, Euskal Herrian, Ipar Irlandan edo Italian.

Eztabaida sortzea du helburu liburuak, prozesu "konplexu eta problematiko" baten inguruan. Mario Onaindia fundazioko kideen arabera, "presentzia gehiago hartu behar du eztabaidak, gure herriko gizartearen bizikidetza konpontzen ahalegintzeko".