Urtebete heriotzaren gaia gizarteratzen

Anjel Irastortza, Amaia Artze, Iñaki Peña eta Jabi Bereziartua, Zarautz Herri Zaintzailearen sortzaileak. (Amaia Urbita Arruti )

Hamaika hitzaldi eta solasaldi egin dituzte azken urtean Zarautz Herri Zaintzailea taldeko kideek. "Gustura" daude egindakoarekin, eta aurrera begira, bizitzaren amaieraren inguruko lanketa "komunitatean eta enpatiatik" egiteko asmoa dute.

Lau zarauztarrez osatutako talde batek Zarautz Herri Zaintzailea dinamika aurkeztu zuen jendaurrean, duela urtebete. Taldearen helburua zen bizitzaren amaieran zahartzaroaren, gaixotasunen, hauskortasunaren eta sufrimenduaren inguruan hausnarketa egiteko espazio bat sortzea, eta espazio hori "komunitatean" sortzea. "Gaur egungo gizartean badirudi alboraturik ditugula kupida eta errukia, eta guk balioan jarri nahi ditugu", azaldu du Iñaki Peñak. Urtebete beranduago, eskerrak eman nahi izan dizkiote udalari emandako laguntzagatik, eta Gipuzkoako mota honetako lehen egitasmoa babesteagatik. Aurkezpenean aipatu dute, behin Zarauzko dinamika sortu ondoren, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere hasi direla Zarautz Herri Zaintzailearen ereduari jarraika. Donostian, Azpeitian edo Zumaian, esaterako.

Urte osoan zehar zazpi Death Cafe saio antolatu dituzte. Saio horietan heriotzaren inguruan hitz egin eta entzuten da, bakoitzaren beldurrak eta ezinegonak partekatzeko helburuarekin. Guztira, 120 pertsona baino gehiagok hartu dute parte bilera horietan, eta emaitzarekin "gustura" agertu dira antolatzaileak. ETB 1eko Ur handitan saioan ere azaldu ziren gaia lantzen eta Death Cafe saioez hitz egiten.

Salbatore Mitxelena ikastolan ere landu dute gaia, eta irakasleen zein antolatzaileen harridurarako, ikasleei "barruraino iritsi" zitzaien gaia, eta Anjel Irastorza ZHZ-ko kideak azpimarratu du "benetan esperientzia aberasgarria" izan zela Ikastolako saioa guztientzat. Etorkizunean, Salbatore Mitxelenaz gain, gainontzeko ikastetxeetan ere gaiaren inguruko tailerrak eskaintzea da asmoa.

ZarautzOn elkartearekin elkarlanean ere aritu dira, eta hala, Myriam Berrueteren Etxean hil, ospitalean hil hitzaldia antolatu zuten Antoniano Aretoan. Antolatzaileen hitzetan, goraino bete zen aretoa. Gabonetan ere antolatu zuten doluaren inguruko hitzaldia: Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu. Patxi Izagirre psikologoa izan zen hizlaria, eta saio hartara ere herritar asko bertaratu zen.

Etorkizunerako asmoak

Aurrerapausoak eman badituzte ere, egungo "gizarte modernoan" "sentsibilizazio gehiago" behar dela uste dute ZHZ-ko kideek. Elkarteekin lan egiteaz gain, Zarauzko hainbat norbanakorekin ere harremanak egiten dabiltza, hala nola, Myriam Berruete eta Felix Zubiarekin. "Elkarteez gain, badaude pertsona partikular batzuk boluntarioki gai hori lantzen ibili direnak, gure elkartea sortu aurretik".

Amaia Artzek azaldu duenez, irailetik aurrera ekintza gehiago egiteko asmotan dabiltza. Irailean zineforum bat egingo dute udalarekin eta Afagi elkartearekin. Bertan, alzheimer gaixotasuna duten pertsonen zaintzaileen inguruan diharduen Cuidadores dokumentala eskainiko dute. Urrian beste hitzaldi bat antolatuko dute zainketa aringarrien inguruan, eta besteak beste, musikoterapiari buruz ariko dira. Deah Cafe saioak egiten ere jarraituko dute, gutxienez, hiru hilabetean behin. Azarorako ere beste hitzaldi bat dute aurreikusita, eta aurreko urtean bezala, Gabonetan doluaren inguruko saioa ere izango da.

Iñaki Peñak azpimarratu du halako ekimenak ez daudela profesionalei soilik zuzenduta. "Edozein herritarrek du posible laguntzea, enpatiatik eta errukitik". Bestalde, Peñak adierazi du "nabarmena" dela halako foroak oso feminizatuak daudela. Horrek irakurketa desberdinak ditu, eta alde batetik azaldu du estatistikoki gizonak leheneago hiltzen direnez, emazte alargun gehiago dagoela. Hori hala izanagatik, dinamika horrekin "apurtu" nahi izan dutela azaldu du, eta gizonezkoentzako propio Death Cafe saio bat antolatu zuten, Toka gizon taldearen bidez. Hamabi lagun batu ziren saio hartan, eta Peñaren hitzetan, "zaila da gizartean errotuta dagoen gizon arketipo hori halako gauzetara erakartzea".

ZHZrekin harremanetan jartzeko sare sozialen bidez egin daiteke, edo zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbide elektronikoaren bidez. Urrian asmoa dute Zarauzko feria solidarioan egoteko, eta hitzaldi guztietan pasatzen dute orri bat jendeak, hala nahi badu, bere datuak uzteko. Hala, pixkanaka "sarea sortzen" ari direla esanez burutu du Amaia Artzek.