Banatu dituzte Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren sariak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 14a, 10:57

Atzo iluntzean egin zuten Gipuzkoako Eskubaloi Gala Modelo Aretoan, eta bertan sarituak izan ziren Zarauzko elkarteko hainbat kide. Besteak beste, Hugo Sanchezi eman zioten entrenatzaile onenaren saria.

Dotore apaindu zuten atzo Modelo Aretoko agertokia, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren sariak banatzeko. Aurkezleek gogoan izan zuten Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrena, eta eskubaloian jolasten hasi ziren lehen zarauztarrei keinu eginez, sareekin atondu zuten oholtza. Izan ere, Zarautzen Munoa plaza eskubaloirako egokitu zutenean, Getariara joan behar izaten zuten jokalariek sare bila, ateak egin ahal izateko.

Goraino betetako Modelo Aretoan, 2018-2019 denboraldian izandako jokalari, entrenatzaile, epaile, goleatzaile eta talde onenak saritu zituzten atzo, eta bertan izan ziren sariak banatzen hainbat instituziotako ordezkariak, baita lehen mailako jokalariak ere: Mikel Agirrezabalaga, Alba Menendez eta June Loidi.

Jalgi dantza taldekoek egin zuten galako sarrera, eta sari eta sari artean hainbat hitzartze izan ziren. Guztiek nabarmendu zuten Gipuzkoan eskubaloia "oso osasuntsu" dagoela, eta hainbat datu eman zituzten hori erakusteko. Aurtengo denboraldian, 4.108 jokalari federatu izan dira Gipuzkoa osoan, 2.259 gizonezko eta 1.849 emakumezko.

Mikrofonoa hartu zutenen artean izan ziren Iban San Martin Zarauzko Udaleko jarduneko Kirol zinegotzia, Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko lehendakaria eta beste hainbat instituziotako ordezkari. Bertsolaritzak ere izan zuen bere tartetxoa; Aner Peritz eta Aitor Urbieta bertsolari zarauztarrek hiruna bertso abestu zituzten.

Zarauzko sarituak

Gipuzkoako Federazioak saria eman die guztira 20 talde eta 15 jokalari, entrenatzaile eta epaileri. Horietatik guztietatik bi izan dira Zarauzko taldeak. Jubenil mailako gizonezkoen Hettich Zarautz KE taldea eta emakumezkoen Aiala Zarautz KE. Entrenatzaile onenaren saria ere Zarautzen geratu da beste urte batez. Aurreko urtean Amenabar taldeko entrenatzaile Aitor Urbitarteri eman zioten, eta aurtengoan, denboraldi honetan talde bera entrenatu duen Hugo Sanchezentzat izan da saria.

Jarraian dago ikusgai, osorik, sarituen zerrenda:

Kadete mailan:

  • Txapeldunordeak. Tekniker Eibar Eskubaloia eta Ulacia Autobusak Urnieta
  • Txapeldunak: Ereintza Aguaplast eta Zaisa Bidasoa Irun A
  • Kiroltasunren saria: Tekniker Eibar Eskubaloia eta Ulacia Autobusak Urnieta
  • Goleatzaile nagusiak: Kerman Olaizola eta Irantzu Mugika
  • Jokalari onenak: Eneko Furundarena eta Amaia Zalezzi

Jubenil mailan:

  • Txapeldunordeak: Hettich Zarautz KE eta Aiala Zarautz KE
  • Txapeldunak: Ereintza Aguaplast eta Zaisa Bidaso Irun A
  • Kiroltasunaren saria: Tekniker Eibar Eskubaloia eta Tolosa C.F. Eskubaloi
  • Goleatzaile nagusiak: Gaizka Berasategi eta Juncal Diez
  • Jokalari onenak: Haritz Gorostidi eta Maider Barros

Lurraldeko txapelketan:

  • Kiroltasunaren saria: Leitzaran Ernio Inmobiliaria eta Bergara Soraluze

2. Lurraldeko txapelketan:

  • Txapeldunordea: Laztimendi Urola
  • Txapelduna: Tolosa C.F. Eskubaloia B
  • Goleatzaile nagusia: Endika Gomez

1. Lurraldeko txapelketan:

  • Txapeldunordeak: Laubide Jatetxea Legazpi eta Kopidin Egia
  • Txapeldunak: Munttaper E.K. eta Urbil Usurbil K.E.
  • Goleatzaile nagusiak: Ioritz Goikoetxea eta Ainhoa Lakuntza

Senior mailan.

  • Jokalari onenak: Iker Serrano eta Esther Arrojeria
  • Entrenatzaile onena: Hugo Sanchez

Epaile onena: Manex Mendizabal

Zilarrezko intsigniak: Goyo Bruna, Lorea Gabilondo eta Fernando Fernandez