Osorik egin daiteke Eraztun Berde Urdinaren ibilbidea

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 14a, 13:13
Nerea Ollokiegi eta Gloria Vazquez, ireki berri duten bidearen zatian. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarautz inguratzen duen ibilbidea osatzeko falta zen zatia egokitu dute, eta erabilgarri dago dagoeneko. Hala, bidea osatzen duten 11,7 kilometroak "oztoporik gabe" egin daitezke.

Gloria Vazquez jarduneko Ingurumen zinegotziak agerraldia egin du gaur prentsaren aurrean Eraztun Berde Urdina osorik egin daitekeela azaltzeko. Igeraingo bidea ireki dute dagoeneko, eta horixe zen bidea osatzeko falta zen zatia. Hor zegoen itxitura kendu, bidea ireki eta konpondu dute eta, orain, hortik Vista Alegrera igo daiteke. "Hala, orain esan dezakegu Eraztun Berde Urdinaren ibilbide osoa egin daitekeela, oztoporik gabe", esan du Vazquezek. Eraztun Berde Urdina mendiko bidea da zenbait zatitan, eta jarduneko Ingurumen zinegotziak azaldu du ez dela pertsona guztientzako irisgarria.

Horrez gain, Vazquezek gogorarazi du Biotopotik landare inbaditzaileak kendu dituztela eta bide ondotik zaborra kendu dutela. Bestetik, gutxi barru hasiko dira Tejeriako altzadia berreskuratzen. Unibertsitateko botanika departamentuarekin elkarlanean egingo dute lan hori, eta laster hasiko dira proiektua garatzen. Besteak beste, "zikinkeria" kendu ondoren, egurrezko pasarelak jarri eta zenbait landaketa egingo dituztela azaldu du.

Bukatzeko, Eraztun Berde Urdinaren inguruko bideo bat egin dutela jakinarazi du Vazquezek. Erlo Telebistan eta Zarauzko Turismo orrialdean egongo da ikusgai. Bideoaren bidez "Zarautzek dauzkan altxor naturalak" erakutsi nahi dizkiete zarauztarrei eta bisitariei.