Xabier Txurrukak hartu du aginte makila

Amaia Urbieta Arruti 2019ko eka. 15a, 10:17

Ez da ezustekorik izan udalbatzar berria osatzeko bilkuran. Xabier Txurruka, EAJ alderiaren hautagaia, izango da Zarauzko alkate datorren agintaldian.

Maiatzaren 26ko udal bozetako emaitzak mahai gainean izanik, hiru aste izan dituzte hautetsiek alkatetza baldintzatuko zuten hitzarmenak egiteko. Hala, gaur egin dute udalbatzarra osatzeko bilkura. Xabier Txurruka izango da beste lau urtez Zarauzko alkatea, hautetsien botoen gehiengo osoa lortuta. 12 boto lortu ditu Txurrukak, zortzi Itziar Muruak (EH Bildu) eta bat Ana de Benitok (Ahal Dugu EquoBerdeak). Hala, udalbatzako kide helduenaren eskutik, Patxi Elolaren eskutik, jaso du Txurrukak aginte makila, aretora bertaratu diren guztien txalo zaparradapean.

Txurrukaz gain, gainontzeko 20 zinegotziek ere hartu dituzte karguak gaurkoan. Hala, banaka-banaka, udal talde guztietako hautetsiek beren karguak onartu dituzte. Aurreikuspenak betez, ondoko 21 zinegotziek osatuko dute datozen lau urteetako udalbatzarra:

EAJ alderditik: Xabier Txurruka, Miren Letamendia, Jexux Arana, Iratxe Zorrozua, Iban San Martin, Leire Arana, Ixidor Larrañaga, Jon Andoni Urdangarin, Iker Basurko eta Irene Urbieta.

EH Bildu alderditik: Itziar Murua, Ion Arozena, Mikel Goenaga, Ainara Landa, Begoña Olaizola, Patxi Xabier Etxaburu, Jesus Maria Goikoetxea eta Eider Illarramendi.

PSE-EE alderditik: Gloria Vazquez eta Patxi Elola.

Ahal Dugu-EquoBerdeak alderditik: Ana de Benito.